Politika -

Gaztela eta Leon

PPk eta Voxek Gaztela eta Leonen elkarrekin gobernatzeko akordioa lortu dute

Fernandez Mañuecok (PP) Juntako presidentea izaten jarraituko du, eta Garcia-Gallardo (Vox) presidenteordea izango da. Gainera, Voxek hiru kontseilaritza izango ditu, Gorteetako presidentetzaz gain.

Garcia-Gallardo, Mañuecoren bulegotik irteten akordioa lortu ostean. Foto: EFE
Garcia-Gallardo, Mañuecoren bulegotik irteten akordioa lortu ostean.
Garcia-Gallardo, Mañuecoren bulegotik irteten akordioa lortu ostean. Foto: EFE

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk eta Voxek gobernatzeko akordio bat lortu dute Gaztela eta Leonen, Alfonso Fernandez Mañueco popularren hautagai eta Juntako presidenteak iragarri duenez.

Fernandez Mañuecok Twitter bidez eman du horren berri: "Legealdirako akordioa lortu dugu Voxekin, Gaztela eta Leongo pertsonen zerbitzuan egongo den programa batean oinarrituta, gobernu egonkor eta sendoa lortzeko eta Konstituzioa eta Autonomia Estatutua erabat errespetatuz".

Horren esanetan, "Gaztela eta Leongo herritarrak gogoan hartuta" egin dute akordioa, eta Gorteetako Mahaiari eta Juntari eragingo die.

Juan Garcia-Gallardo ultraeskuineko hautagaiak pozik hartu du akordioa, "zentzuzkoa" eta "irabazlerik eta galtzailerik gabea" delako. "Guztien artean" eta "elkarrizketarako eta akordiorako borondatearekin", "herritarrentzat probetxugarria den legealdi bat" izango dela esan du.

Akordioaren arabera, Mañueco izango da Gobernuko presidentea, eta Garcia-Gallardo, presidenteordea. Gainera, Voxek aukeratuko ditu Gobernuko hiru kontseilaritzaren buruak; izan ere, hauteskundeetan 13 eserleku lortu zituen Voxek bere garaian 12 eserleku zituen Ciudadanosi emandako tratu bera eskatzen zuen. EFEk Voxen iturriak aipatuta zabaldu duenez, Mañueco "leial" izango zaio "in extremis" sinatutako akordioari.

Voxeko Pollan Gorteetako presidente aukeratu dute

Gorteetako presidentea Voxeko parlamentari bat izango da: Carlos Pollan. PPko eta Voxeko prokuradoreen botoekin aukeratu dute gaur bertan.

Negoziatzaileak ostegunean bildu dira berriro, Parlamentuan, eta legealdi berriko Gorteak eratu baino 15 minutu lehenago itxi dute akordioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Espainia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Vox Ultraeskuina