Politika -

presidenteen biltzarra

Zerga-neurriak eta errefuxiatu ukrainarren harrera, La Palman lortutako akordioen artean

La Palman egindako Presidenteen Biltzarra akordio sorta batekin itxi dute Espainiako Gobernuak eta autonomiek. Besteak beste, beherapen fiskalak, Europako funtsen erabilera eta ukrainar errefuxiatuen harrerarako kudeaketa izan dituzte hizpide.

Presidenteen Biltzarra, Palman. Argazkia: EFE
Presidenteen Biltzarra, Palman. Argazkia: EFE
Adierazpen instituzional bateratua sinatu dute Presidenteen Biltzarrean, Ukrainako gerrari aurre egiteko

1:24

i.l.k. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek energiaren prezioen eragina arintzeko neurriak indartzea adostu dute, beherapen fiskalak, tartean.

La Palmako Adierazpena izenpeko itunean jaso dituzte neurriok Kanarietako uhartean egindako Presidenteen Biltzarrean, Ukrainako gerrak Espainian dituen ondorioei erantzuna emateko Plan nazionalaren barnean.

Adierazpenean jasotako beste akordioetako bat da "administrazio publiko guztiek Europako diru-funtsen exekuzioa bultzatzea".

Bukatzeko, "errefuxiatu ukrainarren harrera egoki kudeatzeko" akordioa jaso dute, "gerratik ihesean Espainiara iristen diren ukrainarrenganako elkartasun-olatua bideratu ahal izateko".

Iñigo Urkullu lehendakariak presidente autonomikoen biltzarrean islatutako "ulermena" azpimarratu du.

Europar Batasunak errefuxiatuen harrerarako lankidetza-funts bat onartzeko beharraz aritu da, "osoko arreta" behar dutelako etxebizitza, osasun eta hezkuntza arloetan. Gainera, energia berriztagarriak sustatzeko europar politika komun baten alde egin du.

Urkullu, energia berriztagarriak bultzatzearen eta aldi baterako lan erregulazioak aktibatzearen alde
Urkullu, energia berriztagarriak bultzatzearen eta aldi baterako lan erregulazioak aktibatzearen alde
Urkullu, energia berriztagarriak bultzatzearen eta aldi baterako lan erregulazioak aktibatzearen alde

1:11

Gainera, Alemaniako ABEEen sistema aplikatzeko eskatu dio Gobernu zentralari, pandemian egin bezala. Izan ere, "enpresa asko" euren jarduna eteten ari dira, elektrizitatearen eta energiaren kostua dela eta.

Errusiaren inbasioagatik Ukrainatik ihes egin duten errefuxiatuei dagokienez, lehendakariak Espainiako Gobernuari eskatu dio horien biziraupenerako oinarrizko laguntza ekonomikoa bermatzeko mekanismo bat.

Bestalde, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak iragarri du Foru Erkidegoa martxan jarriko dela aste honetan, Ukrainako krisiari erantzuteko plan nazionalari ekarpenak egiteko.

Presidenteak bere mintzaldian nabarmendu du "harrera eta aterpe politiketan genero ikuspegia kontuan hartzearen garrantzia, emakumeak eta adingabekoak baitira gerra egoeretan zaurgarrienak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iñigo Urkullu Lehendakaria Albisteak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Nafarroako Gobernuko presidentea Zerga politika gaur Energia berdeari buruzko albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur