Politika -
Bilera
Elkarrizketa Sozialerako Mahaia gaur bilduko da berriro CCOO sindikatuaren parte-hartzearekin
2022ko lehen bilera horretan urteko plana adostuko dute, aurreikusitakoaren arabera, baita lantalde ezberdinek hitzartutako akordioak onartu ere. ELAk eta LABek uko egin diote batzar horretan parte hartzeari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak berriro ekingo dio jardunari. Astearte honetan bilera egingo dute, CCOO sindikatuaren parte-hartzearekin, otsailean hitzordua atzeratzeko eskatu ostean. Izan ere, EAJ, Diputatuen Kongresuan, lan-erreformaren aurka agertu zenez, aipatu sindikatuak hausnarketarako denbora eskatu zuen, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian parte hartuko zuen ala ez erabakitzeko.
Alabaina, ohar batean azaldu dute azkenean batzarretan egongo direla, behin gogoeta tartea bukatuta, erabaki hori hartu baitute.
Hala, sindikatu horrek egindako eskaria betez, mahai gainean izango dituzten gaien zerrendan dago parte-hartze instituzionalaren legearen oinarriak hitzartzea. CCOOren arabera, "beste erkidego batzuetan duten arau-maila lortuko luke horrekin eztabaida sozialak".
Gainera, sindikatuaren hitzetan, lege horrek posible egingo luke "zenbait eragilek gizarte demokratiko batean betetzen duten paperaren eztabaida publiko eta gardena bermatzea". CCOOk uste du lege horrek eztabaida soziala "finka" dezakeela, eta segurtasun juridiko handiagoa eman diezaiokeela.
Aurreikusitakoaren arabera, 2022ko lehen bilera horretan urteko plana adostuko dute, baita lantalde ezberdinek hitzartutako akordioak onartu ere. ELAk eta LABek uko egin diote batzar horretan parte hartzeari.