Politika -

PARLAMENTO EN LAS ONDAS

Bruselan energiaren inguruan lortutako akordioak egoera egonkortzen laguntzea espero dute alderdiek

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk energia-enpresei tasa bat ezartzea eskatzen dute, eta hortik lortutako sektore eta kolektibo zaurgarrienei laguntzera bideratzea.

Leixuri Arrizabalaga (PNV) eta Ekain Rico (PSE)
Leixuri Arrizabalaga (PNV) eta Ekain Rico (PSE)
Leixuri Arrizabalaga (PNV) eta Ekain Rico (PSE)

ANE GOÑI | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bruselan asteon egin den goi-bileran argindarraren prezioari topea jarri ahal izateko erdietsitako akordioa ontzat jo dute euskal alderdiek, legebiltzarreko bozeramaleek Radio Euskadiko Parlamento de las Ondas saioan adierazi dutenez. Halere, Leixuri Arrizabalaga jeltzaleak uste du akordioa "berandu" datorrela eta "koordinazio gutxirekin". Akordioak, haatik, "egoera hobetu eta aurrera egiten laguntzea" espero du. Ekain Rico sozialistak Pedro Sanchezen lana goraipatu du eta defendatu du "dena emateko" eta "austerizidioetatik aldentzeko" garaia dela. Bere ustez publiko den ororen "inbertsioa eta esku-hartzea" sustatu behar dira, eta "ezkutu sozial" bat ezarri. 

Kritikoago hitz egin du EH Bilduko Mikel Oterok. Ez du uste "garaipen" gisa har daitekeenik Bruselan adostutako, lorpen hori "erlatiboa" baita. Azaldu duenez, Pedro Sanchezen Gobernuak megawatt orduaren prezioari 180 euroko topea jartzeak "ez du konponduko" enpresa eta familientzat dakarren kostu igoera. Oterok gainera, galdetu du ea nork ordainduko dituen sektore zaurgarrienei eskainiko zaizkien laguntzak, eta "elektrikei tasa bat ezartzea" proposatu du. Ildo beretik mintzatu da Elkarrekin Podemos-IUko Iñigo Martinez ere; gogorarazi du iaz argindar enpresek "7.000 millioiko irabaziak" izan zituztela. Martinezek eskura dituen tresnak erabiltzeko dei egin dio Eusko Jaurlaritzari, "larrialdi sozialerako laguntzak" kasu, "pertsona zaurgarrienei laguntzeko". Orain arte, esan duenez, "enpresentzako laguntzak" baino ez dira proposatu. 

Carmelo Barrio popularraren ustez "Espainia berandu iritsi da" testuinguru honi aurre egiteko neurriak hartzera, eta Pedro Sanchezek Marokorekin Sahararen gainean egindako akordioa salatu du, Aljeria haserretzea ekarri duelako horrek, Espainiaren gas hornitzaile nagusia dena. 

Fakturaren prezioa murrizteko eta Jaurlaritzaren esku-hartzea saihesteko argindar enpresek gas-konpainiekin akordio bat lortzeko egindako proposamenari dagokionez, PSE-EEk eta EH Bilduk gogor kritikatu dute erabakia. Ekain Ricok eta Mikel Oterok gogorarazi dutenez, orain arte ezinezkoa izan da prezioak jaistea, eta orain, ondorio posibleez jabetu direnean, hasi dira negoziatzen.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Elektrizitatea