Politika -

13/13 auzia

13/13ko epaiaren aurkako manifestazioak deitu dituzte "konponbide demokratikoa oztopatzen" duela salatzeko

Hainbat herritar ezagunek agerraldia egin dute auzipetuei "elkartasuna eta babesa" adierazteko eta sententzia "injustizia" dela salatzeko. Apirilaren 9an manifestazio bana deitu dituzte Bilbon eta Donostian.

Amuriza, Barinagarrementeria, Perez eta Barandiaran, gaurko agerraldian. Argazkia: EITB Media
Amuriza, Barinagarrementeria, Perez eta Barandiaran, gaurko agerraldian.
Amuriza, Barinagarrementeria, Perez eta Barandiaran, gaurko agerraldian. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat herritar ezagunek 13/13 auziko zigortutakoen aldeko agiria izenpetu dute eta epaiaren kontrako manifestazioak deitu dituzte Bilbon eta Donostian apirilaren 9rako. Euren hitzetan, epaiak bi helburu ditu "epaitutakoen eta euren senideen sufrimendu areagotzea eta Euskal Herriaren konponbide demokratikoa oztopatzea".

Luis Barinagarrementeria abokatuak, Ana Perez sindikalistak, Gotzon Barandiaran idazleak eta Xabier Amuriza bertsolariak agerraldia eskaini dute gaur Bilbon Auzitegi Nazionalak lau abokaturi ezarritako zigorren irakurketa egiteko (izenpetu duten agiria irakurri dute) eta mobilizazioak deitzeko. Talde terroristako kide izatea egotzita, Auzitegi Nazionalak 18 urteko kartzela zigorra ezarri diete akusatutako 7 lagunetatik lauri: Arantxa Zuluetari 7 urte eta 6 hilabetekoa; Jon Enparantzari, 4 urteko espetxealdia, eta Naia Zurriaraini eta Iker Sarriegiri 3 urteko kartzelaldia. 

Agerraldian kritikatu dutenez, 13/13 auzia "krudelkeria kate luze bat" izan da, eta sententzia bera "injustizia bat", epaiketa "irregulartasunez eta urraketez gainezka" egon delako.

Agiriaren sinatzaileek "gure herrian konponbide demokratikorako hasitako aro berrian, 'dena ETA da' printzipioa oinarri duten jarduerak" salatu nahi izan dituzte. Euren ustez, epaia "iraganeko estrategia, jarrera eta jokabideetan oinarritzen den zigor kolektiboa" eta euskal gizarteak nahi dutenaren kontrakoa da, hots, "bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna" eraikitzea.

Hala, 13/13 auziren epaia "demokraziaren, bakearen eta gure herriaren etorkizunaren kontrakoa" dela iritzita, manifestazio bana deitu dituzte apirilaren 9rako: bata, Bilbon (17:30ean, Jesusen Bihotza plazatik hasita), eta bestea, Donostian (ordu berean, Saguesetik).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika Bilboko azken albisteak Donostiako informazioa ETA albisteak Epaiketak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Manifestazioak Abokatuen albisteak