Politika -
Maiatzaren 4an
EAJk goi-bilera deitu du 'krisia eta langabeziaren garrantzia ikusita'
Goi-bilera Iñigo Urkullu EAJko presidenteak deitu du. Politika ekonomikoan proposamen bat egiteko asmoa dute beste "erakundeekin" partekatzeko; Jaurlaritzarekin, besteak beste.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidenteak iragarri duenez, Iñigo Urkulluk "premiazko" goi-bilera deitu du maiatzaren 4rako "krisiak eta langabeziak Euskadin duten eragina ikusita".
Ortuzarren hitzetan, egoerak "zer edo zer egitea eskatzen du", "ezkortasunean" erori gabe. Ondorioz, EAJk politika ekonomikoan proposamen bat egiteko asmoa du beste "erakundeekin" partekatzeko; Jaurlaritzarekin, besteak beste.
Ordezkari jeltzalearen hitzetan, "langabezia Espainian baino bi bider gehiago hazten ari da". "Egoera larria da eta horri erantzun egin behar zaio", adierazi du Ortuzarrek.
Testuinguru horretan, "enpresak, industria eta indarberritzea babestuko dituen proposamena eskainiko die EAJk Euskadiko eragile ekonomiko eta sozialei. Proposamen hori, gainera, eraginkorra dela frogatu dute dagoeneko".
Gobernu nazionalistak
Andoni Ortuzarrek azpimarratu egin du, gainera, "duela 20-30 urte, eta lehendakari eta Gobernu nazionalisten agindupean" krisia gainditzeko gai izan ginela.
"Orain ere krisia gainditzea posiblea da, baina ezinbestekoa da konfiantza sortzea, motibatzea, inbertsioa bultzatzea eta enplegua sortzea. Euskadiren berrindartze ekonomikoan eta enplegu-sortzean laguntzeko prest gaude", azpimarratu du.