Politika -
Bost puntuko dokumentua
Estrategia nazionalerako konpromisoa sinatu dute Amaiurrek eta ABk
Dokumentuak "bazterketarik gabeko elkarrizketa" eta dispertsioaren politikarekin amaitzea eskatzen du.
Erredakzioa
Amaiur osatzen duten alderdiek (ezker abertzalea, EA, Aralar eta Alternatiba) eta iparraldeko Abertzaleen Batasuna alderdiak elkarlanean eta errespetuan oinarritutako estrategia nazionalerako konpromisoa sinatu dute.
Alderdi hauetako buruzagi historikoak egin dira Iruneko Ficoba erakustazokan egin duten ekitaldian. Besteak beste, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Anita Lopepe, Aralarreko Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera, EAko Pello Urizar eta Miren Urrestieta, Alternatibako Oskar Matute eta Amaia Agirresarobe eta ABko Peio Etxebarri-Aintziart eta Mertxe Colina egon dira.
Dokumentuak "bazterketarik gabeko elkarrizketa" exijitzen du behin "gatazka politikoa eta indarkeria gaindituta". Gainera, gaixo dauden presoak aske uztea eta dispertsioaren politikarekin amaitzea eskatzen du. Bestetik, "biktima guztiak, bazterketarik gabe, aintzatestea" eta alderdi politiko guztiak legeztatzea ere eskatu dute akordioaren bitartez.
Hamar orrialdeko dokumentuak bost puntu nagusi ditu: "Euskal Herria nazio burujabe gisa", "bakea eta eskubide zibil eta politikoak"; "eredu ekonomiko subiranoa, justua eta ekologikoa"; "Euskal Herria eraikitzea"; eta "euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa".
Gainera, beste oinarri batzuk ere aipatzen dira dokumentuan, besteak beste, "erabakitzeko eskubidea", "aniztasun demokratikoa", "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna" eta "internazionalismoa".
Bidai orri gisa, Gernikako Akordioa eta Aieteko Nazioarteko Adierazpena ezartzen dira.
Ekitaldiaren amaieran Rufi Etxeberriak hitz egin du eta gaur sinatutako konpromisoak, helburu bezala, "Euskal Herri berri batera eramango duten politika berriak garatzea" ditula nabarmendu du. Horretarako, "Espainiak eta Frantziak erabakitzeko eskubidea onartu" behar dutela adierazi du.
Gobernuaren birgizarteratze planaren inguruan galdetuta, "presoei dagozkien eskubideak ezin dute exijentzia berrien menpe egon", erantzun du Etxeberriak.