Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Andueza: "Espainiako Gobernuak hartutakoen osagarri izango diren neurriak proposatuko ditugu"
Euskal sozialisten idazkari nagusiak dio autogobernutik, "euskualdatu ditugun eskumen horien bitartez", neurri asko har daitezkeela.
Ane Santesteban | EITB Media
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, bere alderdiak "Espainiako Gobernutik hartu diren neurrien osagarri diren neurriak" jarriko ditu mahai gainean lehendakariarekin asteazken honetan egingo duen bileran, Ukrainaren inbasioagatik "ondorio okerragoak egon ez daitezen".
Gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, euskal sozialisten idazkari nagusiak adierazi du autogobernutik, "eskualdatu zaizkigun eskumen horien bitartez", neurri asko har daitezkeela sail guztietatik. Ildo horretan, arlo ekonomikoaz gain, pertsonei dagozkienak ere azpimarratu ditu, "hori baita erdigunean jarri behar dena".
"Eusko Jaurlaritza aurrekontu hedakorrenetako bat gauzatzen ari da", esan du Anduezak. Ildo horretan, "aurrekontu horiei soberakin bat gehitu dakieke", idazkari nagusiaren hitzetan, "ustekabeko egoerei aurre egiteko balio dezakeena".
Fiskalitateari dagokionez, PSE-EEko kidearen arabera, Euskadik egoera fiskal oso ona du, "diru asko bildu baitu", baina uste du beti dagoela denbora hausnartzeko, hori bai, "modu bateratuan eta guztiek elkarrekin".
Era berean, eta Ukrainaren inbasioaren ondorioei aurre egiteko Alderdi Popularrak lehendakariari eskatu dion zerga-jaitsieraren inguruan Anduezak azaldu du "oso zuhur" jokatu behar dela "PPren diskurtso horrekin". Isabel Diez Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentea ere izan du hizpide: "Ayusok populismoa egiten du", nabarmendu du, eta Euskadirentzat halakorik ez duela nahi esan du.
Alberto Nuñez Feijoori buruz ere eman du bere iritzia, eta sozialistekin iragarri dituen itun handien harira esan du "oraingoz, eskuin muturraren ondoan" dagoela erakutsi duela.