Politika -
BILERA ERRONDA
Urkulluk EAJrekin eta PSE-EErekin amaituko du gaur Ukrainako gerrak eragindako krisia aztertzeko bilera sorta
Astelehenean PP+Cs koalizioko ordezkariarekin bildu ondoren, astearte honetan, Elkarrekin Podemos-IUrekin eta EH Bildurekin batzartu zen.
EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioetako ordezkariekin bilerak egiten ari da aste honetan, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren sortutako krisiak eragindako egoera aztertzeko eta erakundeek egoera horri aurre egiteko abiatu dituzten ekintzen inguruko errepasoa egiteko.
Astelehenean PP+Cs koalizioko ordezkariarekin bildu ondoren, Elkarrekin Podemos-IUrekin eta EH Bildurekin batzartu zen asteartean. Gaur, asteazkena, egingo ditu azken bilerak, EAJrekin eta PSE-EErekin.
PP+Cs koalizioak Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio familia eta enpresei zergak jaisteko eta diruzaintzako soberakinekin Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko egitasmo bat martxan jartzeko.
Elkarrekin Podemos-IUk lehendakariari itun sorta baten alde lan egitea proposatu dio, esaterako energia arloan kostu elektrikoak murrizteko, eta errentan, langileriaren erosteko ahalmena bermatzeko.
EH Bilduk familientzat argindarraren zein gasaren prezioaren igoerari aurre egiten familiei laguntzeko 250 euroko bonu bat sortzea proposatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, baita dirulaguntza sozialak, lanbide arteko gutxieneko soldata eta orokorrean soldatak igotzea ere.
Urkulluk lau hilean behin euskal alderdietako ordezkariekin biltzeko hartu zuen konpromisoa betetzeko deitu ditu lehendakariak aipatu bilerak.
Ukrainaren inbasioaren ondoren sortutako egoera aztertzeko, osoko bilera monografikoa egingo du Eusko Legebiltzarrak ostiralean.