Politika -

Mendebaldeko Sahara

Rabatera joaterako jarrera zuzentzeko eskatu diote Sanchezi PSOEk ez beste alderdi guztiek

Gaur eztabaidatu ondoren, bihar bozkatuko da Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharari buruz duen jarrerari buruzko legez besteko proposamena, Unidas Podemosek, ERCk eta EH Bilduk aurkeztua. EAJk zuzenketa aurkeztu du. PSOEk eta PPk ez dute euren botoaren berri eman, VOXek aurka bozkatuko du.

Marokoko prentsan 'mugarri historikotzat' jo dute Espainiaren jarrera aldaketa. EFE
Marokoko prentsan 'mugarri historikotzat' jo dute Espainiaren jarrera aldaketa. EFE
Marokoko prentsan 'mugarri historikotzat' jo dute Espainiaren jarrera aldaketa. EFE

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rabatera joateko bezperan, PSOEkoak ez beste kongresu-bozeramaile guztiek Pedro Sanchezi eskatu diote zuzendu dezala Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide izateko argudioarekin, Marokorekin lerrokatu izana. 

Unidas Podemosek (gobernukidea), ERCk eta EH Bilduk joan den astean aurkeztu eta bihar bozkatuko den legez besteko proposamenaren eztabaidan, parte hartu duten guztiek, sozialistak izan ezik, gaitzetsi egin dute Sanchezek Marokoko erregeari bidalitako gutuna, bai eta gai horretan emandako norabide aldaketa ere.

Testua bere horretan onartuko balitz, Kongresuak berretsi egingo luke "Nazio Batuen Erakundearen ebazpenei eta Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Misioari (MINURSO) ematen dien babesa, uste osoa baitu soilik fede onez eta modu eraikitzailean egindako elkarrizketak, negoziazioak eta akordioak lagunduko dutela konponbide politiko justu, errealista eta bideragarria lortzen, gatazkaren bi alderdiek onargarri jo dezaketena".

Jon Iñarritu EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak berretsi duenez, "aldebakarreko proposamen hori akatsa baino zerbait gehiago izan zen, bidegabekeria eta lardaskeria diplomatiko eta juridikoa izan zen"; halere, defendatu du orain zuzendu eta "nazioarteko zuzenbidea eta neutraltasuna errespetatzeko jarrera historikora" itzul daitekeela.

Alderdi sozialistari zuzenduta, adierazi du aukera dutela atzera egin eta Espainiaren jarrera historikora itzultzeko, hots, "nazioarteko zuzenbidearekiko errespetura, saharar herriak autodeterminazio askerako duen eskubide legitimora eta deskolonizazioaren amaierara". Horrez gain, "aktore marokoarra izateari uzteko" eskatu dio PSOEri.

Zuzenketa hori egiten ez bada, euskal diputatuak ohartarazi du Sanchez Marokora joango dela "Ganbera honena ez den jarrera bat ordezkatuz".

Proposamenaren sinatzaile gisa, Unidas Podemosetik, Gerardo Pissarellok "asaldagarritzat" jo du Sanchezen gutun hori eta Mohamed VI.ari "aliatu eta lagun handi" gisa emandako tratua, milaka sahararren eskubideak urratu baititu. Bere ustez, jarrera aldatzearekin Espainiak "ez du ezer irabazten eta asko du galtzeko".

Marta Rosique ERCko kideak saharar herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du; "Gobernuak eskubide hori urratzea erabaki du, ez da halere, Kataluniako independentismoa harritzen duen zerbait". Gaineratu du, ordea, jarrera aldaketarekin NBEren 74 ebazpenei ez dietela jaramonik egin

EAJren zuzenketa

Ekimenari bi zuzenketa aurkeztu zaizkio, bata EAJrena eta bestea Ciudadanosena. 

EAJk aurkeztutako zuzenketa defendatu du Aitor Estebanek. Zuzenketa horretan, Kongresuak "Gobernuaren jarrera-aldaketarekin bat ez" datorrela eta "saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea" onartzen dela adierazi du.

Euskal diputatuaren esanetan, testua dagoen bezala aurrera ateratzen bada -PSOEk aldez aurretik esan zuen bezala-, sortuko den gauza bakarra "lanbroa" izango da, baina Gobernua "airoso" aterako da, "neutraltasun-jarrera alde batera utzi eta aldeetako batekin lerrokatu bada ere".

"Laino moduko batean jarrai dezakegu", esan du, "baina Gobernua, bere jarrera-aldaketan, berearekin aterako da". Horregatik, testu eta adierazpen argiago baten alde egin du.

Oraingoz, proposamena egin duten alderdiek ez dute argitu zuzenketa horiek onartuko dituzten ala ez. Pisarellok esan du bihar jakinaraziko dutela, bozketa aurreikusita dagoen egunean bertan.

PSOEk eta Alderdi Popularrak ez dute euren botoaren berri eman, azken testua ezagutu arte ez baitute erabakiko. Proposamenaren aurkako botoa aurreratu duen talde bakarra Vox izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC Mendebaldeko Sahara Maroko