Politika -

Moncloa jauregia

Sanchezek eta Feijook BJKN eta Auzitegi Konstituzionala berritzeko negoziazioa berriz abiatzea adostu dute

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) duela hiru urte berritu behar zuten, baita Auzitegi Konstituzionalaren zati bat ere.

Alberto Núñez Feijoo eta Pedro Sanchez Moncloan. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Alberto Núñez Feijoo eta Pedro Sanchez Moncloan. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Pedro Sanchezek Alberto Núñez Feijoo hartu du Moncloan

0:29

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eta Auzitegi Konstituzionala berritzeko negoziazioei berriro heltzea adostu dute. Era berean, Konstituzioaren 49. artikuluan pertsona "gutxituei" egiten zaien erreferentzia kendu nahi dute.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) duela hiru urte berritu behar zuten, baita Auzitegi Konstituzionalaren zati bat ere. Bestalde, Konstituzioko 49. artikuluaren erreforma egin eta atzerrian bizi diren boto-emaileek bozkatzeko orduan traba gutxiago izateko araudia aldatu nahi dute.

PPko presidente berriak ziurtatu duenez, gai horien inguruko elkarrizketak berriro hasiko dira "gaur bertan".

Hori bai, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko, Espainiako Gobernuak erakundeko kideak hautatzeko metodoa aldatzea beharrezkoa ikusten du Feijook, hura hobetzeko, bokal "egokienak, independenteak eta errespetatuak" aukeratzeko.

Hala ere, Espainiako gobernuburuarekin Moncloa jauregian batzartu ondoren, PPko presidenteak bileraren emaitza falta deitoratu du: "Gustatuko litzaidakeena baino emankortasun gutxiago izan du. Ezin dut albiste onik eman".

Feijoo: "Gustatuko litzaidakeena baino emankortasun gutxiago izan du"

Batzarrak hiru ordu baino gehiagoko iraupena izan du. Bilera "oso adeitsua" izan dela azaldu du Feijook, baina krisi ekonomikoa arintzeko neurririk adostea ez du lortu, Espainiako Exekutiboak dagoeneko onartutako dekretuaz gain.

Batzarra gai-zerrendarik gabe egin izana kritikatu du Feijook. Gutxieneko dokumentazio batek eztabaidatu beharreko gaiak zehazteko eta balizko akordioak bideratzeko lagunduko lukeela uste du.

Alderdi Popularreko presidenteak ziurtatu duenez, Espainiako Gobernuko presidenteak ez du krisiari eta inflazioari aurre egiteko proposamenik onartu.

Gainera, Feijooren hitzetan, Espainiako Gobernuak lege-dekretua "besterik gabe balioesteko asmoa" du, hau da, inolako aldaketarik gabe. Deitoratu duenez, alternatiba bat mahai gainean jarri eta proposamena garatzea ere ez du aproposa ikusi Sanchezek. Hala ere, aukera hori Moncloari igorriko diola iragarri du.

PPko presidentearen hitzetan, Espainiako Gobernuaren politika ekonomikoak diagnostikoan kale egiten du, egungo egoera ez delako gerrarekin hasi, eta baita konponbideetan ere.

Feijook Pablo Casadoren tokia hartu ondoren, bilerak garai berri bati hasiera eman dio. Batzarra puntual hasi da, 11:00etan, Moncloa jauregiaren eskaileretan elkarri bostekoa eman eta argazkilarien aurrean musukorik gabe paratu dira; berriz maskara jarri eta jauregi barruan sartzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Alberto Núñez Feijóo