Politika -
Presidentziarako hauteskundeak
Frantziako hauteskunde kanpainak trapu zikinak atera ditu
Gadafik Sarkozy finantzatu zuen susmoa eta Dominique Strauss-Kahn sozialistaren auziak lokaztu egin dute kanpaina.
Erredakzioa
Trapu zikinak eguzkitara atera dira asteburu honetan Frantziako hauteskunde kanpainan, bigarren itzulia egiteko astebete falta den honetan.
Muamar el Gadafi Libiako diktadore zenak Nicolas Sarkozyren 2007ko hauteskunde kanpaina finantzatu zuen susmoek eta Dominique Strauss-Kahn sozialista berriz hedabideetan agertu izanak lokaztu egin dute kanpaina.
Bien bitartean, Sarkozyk eta François Hollande hautagai sozialistak mitin jendetsuak eskaini dituzte igande honetan.
Mediapart.fr ikerketa webguneak txosten bat publikatu du asteburuan. Horretan, Gadafiren inteligentzia zerbitzuetako goi-kargudun batek Sarkozyren kanpainara 50 milioi euro bideratzea agindu zuen.
Canal+ telebista katean egindako adierazpenetan, Sarkozyk berak esan du akusazio hori "zitalkeria" dela, eta François Fillon haren lehen ministroak "Hollanderen lagun aberatsek finantzatutako laborategia" izatea egotzi dio hedabideari.
Sozialistek azalpenak eskatu dizkiote presidenteari, eta kontserbadoreek salatu dute eskandalua hauteskunde kanpainan barrena argitaratu izana.
Bestalde, Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtseko (FMI) zuzendari ohia hedabideetan agertu da berriz, eta politika uztera behartu zuten eskandaluak sustatu izana egotzi dio Sarkozyri.
Hori da behintzat 'The Guardian' egunkariak publikatutako ustezko elkarrizketa batek jasotzen duena. Izan ere, DSKren gertuko iturriek ukatu egin dute elkarrizketarik eskaini izana, eta egunkariak aipatutako adierazpenak Edward Epstein kazetari estatubatuarraren liburu batetik atera dituztela esan dute.
Duela urtebete, Strauss-Kahn faborito zen sozialisten presidentegai bihurtzeko, baina orduan atxilotu egin zuten, New Yorkeko hotel langile bat bortxatzen saiatzea egotzita. Une honetan, auzipetuta dago Frantzian, hainbat festatan prostitutekin izatea leporatuta.
DSKren eskandaluaz baliatuta, Sarkozyk ironiaz eraso die sozialistei, eta iraganean "erreferente morala" dela esan zutela gogorarazi die.
Hori horrela, Hollandek azpimarratu du DSK ez dagoela une honetan politikan, eta ez dela itzuliko.
Larunbatean, Julien Dray diputatuak festa batera gonbidatu zuen Strauss-Kahn. Bertan, Hollanderen kanpainako zuzendaria eta Segolene Royal hautagai sozialista ohia zeuden, eta alde egin zuten Strauss-Kahn han zegoela jakin zutenean.
Bi hautagaien mitinak
Nicolas Sarkozy Frantziako jarduneko presidentea eta Eliseorako hautagaiak globalizazioaren kontrako borrokaren eta mugak berrezartzearen alde egin du, eta Europari nazioak gehiegi ahuldu izana egotzi dio.
"Europak nazioak gehiegi ahultzen utzi ditu. Gaur egun irabazle ateratzen diren herriak espiritu nazional indartsua dutenak dira" esan du Sarkozyk Tolosan egindako mitin handian. Ekitaldia zuzenean eman dute Frantziako beste sei hiri handietan.
Sarkozyrentzat okerreko erabakia izan da "muga politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta moralak" desagertaraztea, horrek "anabasa sortu duelako".
François Hollande hautagai sozialistak, berriz, datorren igandeko hauteskundeak garrantzitsuak dira Frantziarentzat, baina baita Europar Batasunarentzat ere. Hollandek kanpainako azken mitin handia eman du Parisen.
"Itxaropenaren, errekuperazioaren eta justiziaren mezua daramazue; Europa hazkundearen eta etorkizunaren bidean sartzeko ezinbesteko mezua", esan du Hollandek jarraitzaileen animo bizien artean.
Sozialistaren programan Europako finantza-orekaren ituna berrikusteko proposamena agertzen da. Horren harian, "doikuntza herrien gaindiezineko zerumuga" ezin daitekeela izan esan du.