Ekonomia -

Baso-politika

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2025eko abenduaren 31ra arte luzatu dituzte eukaliptoa landatzeko mugak

Osoko bilkurak mendien foru araua aldatzea onartu du, abstenitu egin den EH Bildu ez beste alderdi guztien aldeko botoarekin. Aldaketarekin mugak ezartzen zaizkio eukaliptoaren landatzeari, haren ugaltzeak eragin duen "eztabaida sozialari" erantzuteko".

Eukalipto basoa. Rikardo Agirregomezkorta eitb.eus-eko erabiltzailearen argazkia.
Eukalipto basoa. Rikardo Agirregomezkorta eitb.eus-eko erabiltzailearen argazkia.
Eukalipto basoa. Rikardo Agirregomezkorta eitb.eus-eko erabiltzailearen argazkia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mendiei eta naturgune babestuen administrazioari buruzko foru-araua aldatzea erabaki du Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak asteazken honetan; hala, eukaliptoaren landaketari mugak jarriko zaizkio hemendik eta 2025eko abenduaren 31ra arte, espezie horren hedapena geldiarazteko neurri gisa.

Foru Gobernua osatzen duten bi taldeen (EAJ eta PSE-EE) eta Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoekin -jeltzaleekin, sozialistekin zuzenketak adostu ondoren- eta PPren babesarekin atera da luzapena aurrera. EH Bilduk bost zuzenketa aurkeztu zituen, baina, horiek baztertuta, abstenitu egin da. 

Indarrean den Mendiei buruzko Foru Arauan xedapen gehigarri bat sartzea adostu dute, eukaliptoaren landaketa 2025eko abenduaren 31ra arte mugatzea aurreikusten duena. Espezie horrek azken urteetan izan duen hedapenaren (2020an Bizkaiko baso-azaleraren % 15,6 hartzen zuen) eta ugaritze horrek eragin duen "eztabaida sozialari" erantzun bat emateko planteatu da neurria, Amaia Antxustegi Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatuak azaldu duenez.

Hala, 2025eko abenduaren 31ra arte, xedapen hau indarrean jarri aurretik onartutako eukalipto baso-berritzeak bakarrik baimenduko dira, edo une hori baino lehen izapidetzen ari zirenak eta azkenean onartuak izango direnak; era berean, eukaliptoa lursail batean landatu ahal izateko, aurrez ere zatirik handienean eukaliptoarekin okupatuta egon behar izango du lursail horrek. 

Elkarrekin Bizkaiak Foru Gobernuak planteatutako luzapena babestu du, nahiz eta hasieran bere zuzenketetan "asmo handiagoko proposamen bat" proposatu zuen, euskal baso-plan berri bat izan arte luzatzeko. Xabier Benito batzarkideak ohartarazi du, nolanahi ere, eukaliptoaren hedapen "kontrolik gabearen" aurrean luzamendu horren arrakasta, epearen amaieran zehaztuko dela, egindako lana ikusgarri egiten denean. 

Eduardo Andrade PPko bozeramaileak uste du moratoria bat ezarri behar dela gertatzen ari dena berrikusteko, eta, gainera, bere ustez, EAEko baso-plana berrikusi beharko litzateke.

Iratxe Arriola EH Bilduko ahaldunak, bestalde, adierazi du luzamendua "tresna egokia" izan daitekeela arauaren hausnarketa-aldi gisa, baina ez dituela basogintzako "arazoak konponduko". Horrela, gaitzetsi egin du Aldundiak "makillajea" baino ez erabiltzea, "egiteko hainbeste" dagoenean; EH Bilduren ustez, izan ere, gaiak abordatze "integrala" eskatzen du

Foru Gobernua babesten duten taldeetatik, Jesus Ortiz batzarkide sozialistak defendatu du araua aldatzeko proiektua "proiektu ona" dela, eukaliptoaren hedapena geldiaraziko duena, eta uste du 2025aren amaierara arteko epea "nahikoa" dela.

Azkenik, Jesus Lekarikabeaskoa EAJko bozeramaileak deitoratu egin du EH Bildu neurria ez babesteko "aitzakia bila aritzea", eta azpimarratu du luzamendua egoerak "okerrera egin ez dezan" hartzen den neurria dela; gaineratu duenez, ez da Aldundia alor horretan bultzatzen ari den ekimen bakarra, "inor ez dago besoak gurutzatuta", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Nekazaritza albisteak Bizkaiko Foru Aldundia albisteak