Politika -
pedro sanchezen gobernua
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Madrilgo PPk salatutako larrialdiko kontratuak ikertuko ditu
Fiskaltzako buruaren arabera, "faboratutako" enpresa horien artean dira 'Beedigital' (salaketak Nadia Calviñorekin lotzen du) eta 'Industrias Plásticas Playbol', Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen gurasoekin lotura izango lukeena.
agentziak | eitb media
Alejandro Luzon Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzako buruak ikerketarako eginbideak irekitzea onartu du, Pedro Sanchezen Gobernuaren ustezko larrialdiko kontratuak ikertzeko, Alderdi Popularrak Madrilgo Asanbladan aurkeztutako salaketaren barnean.
Zazpi orrialdeko dekretu batean, fiskaltzako buruak adierazi du salatutako gertaerek "garrantzi berezia" dutela. Hori dela eta, eginbideak ireki ditu horiek argitzeko, "ustez faboratutako" zazpi enpresetako bakoitzeko ikerketa bat irekiz. Horien artean dira Beedigital (salaketak Nadia Calviño Ekonomia ministroarekin lotzen du) eta Industrias Plásticas Playbol, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen gurasoekin lotura izango lukeena.
Luzonek gogorarazi duenez, martxoaren 10ean iritsi zen espezializatutako fiskaltza horretara PPren Asanbladako bozeramailearen salaketa. Horrek "irregulartasunak" nabarmentzen zituen "covid-19arekin lotutako larrialdiko kontratuetan", Estatuko Administrazio Orokorrak eta sektore publiko instituzionalak formalizatutakoak; baita kontratuei eta dirulaguntza publikoei eragiten zieten bestelako irregulartasunak ere.
320 milioi eurotik gorako 13 kontratu xehatu ondoren, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak azaldu du "adjudikaziodun sozietateak" direla irregulartasun horietan hari eroalea, "adjudikaziodun organoak kontuan hartu gabe".
Salaketak gaineratu duenez, irregulartasun horiek dira sozietateetako bakoitzak administrazio desberdinekin duen lotura eta kontratuen formalizaziorako baldintza minimoen konkurrentzia egiaztatze falta.
Gainera, adierazi du jokabide horiek hurrengo delituak suposatu ditzaketela PPrentzat: "prebarikazioa, debekatutako negoziazioak funtzionarioekin, influentzia trafikoa eta ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea".