Politika -

Espioitza politikoa

ERCk erabakitzeke du Ukrainako gerrak eragindako krisiari aurre egiteko neurrien planari babesa eman ala ez

ERCk "kosmetikotzat" jo ditu Espainiako Gobernuak espioitzak argitzeko hartu dituen neurriak, ez dira nahikoak. Ohartarazi du 'Catalan Gate' delakoak "eragina" duela Gobernuarekiko harremanean eta konfiantzan. Gainera, lau diputatu independentista zelatatuk babesa eskatu diote Bateti.

Aragonés ustez zelatatutako diputatuen alderdiekin bilduta. EFEren artxiboko irudia.
Aragonés ustez zelatatutako diputatuen alderdiekin bilduta. EFEren artxiboko irudia.
Aragonés ustez zelatatutako diputatuen alderdiekin bilduta. EFEren artxiboko irudia.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felix Bolaños Espainiako Presidentetzako ministroak goizean egin gisan, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak Espainiako Gobernuak Kataluniako eta Euskal Herriko 60 independentistari baino gehiagori egindako ustezko espioitza salaketak argitzeko abiatutako ekimenak azaldu ditu gaur, gosari informatibo batean; besteak beste, Kongresuko Sekretu Ofizialen Batzordea eratzea, Inteligentzia Zentro Nazionalaren (CNI) dokumentuak desklasifikatzea eta erakundeari "barne kontrola" irekitzea dira neurri horiek.

Ekimen horiek, haatik, ez dute Generailtatea asebetetzen, ezta konbentzitzen ere, "kosmetikotzat"  jo ditu neurriak, ez dira nahikoak. ERCk "dimisioak" eskatu ditu berriro, eta Pedro Sanchezen Gobernuari ohartarazi dio "mugitzen ez bada" ERCk ezingo diola babesa eman Parlamentuan.

Izan ere, hitzordu garrantzitsua dute diputatuek ostegunean. Kongresuak Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondoriozko krisiari aurre egiteko premiazko neurriei buruzko errege lege-dekretua baliozkotu beharko baitute, zeinaren bitartez 16.000 milioi euro mobilizatuko baititu Gobernuak, eta, besteak beste, erregai litro bakoitzeko gutxienez 20 zentimoko hobaria edo alokairuaren igoeraren % 2ko muga aurreikusten du. ERCren babesa zalantzan dago, ordea. 

Marta Vilalta ERCko idazkari nagusiaren ondokoak eta bozeramaileak prentsaurreko batean adierazi duenez, Espainiako Gobernuak ostegunera bitarte du gai honetan "maila altuagoan" egoteko. "Datozen orduetan ikusiko dugu Estatuko Gobernuaren ekintzen eta gertaeren bilakaera. Horretan oinarrituta erabakiko ditugu Diputatuen Kongresuan eta Senatuan datozen bozketei buruz ditugun jarrerak", azpimarratu du.

Pedro Sanchezen Gobernuak kasua ikertzeaz, azalpen guztiak emateaz eta gertakariak argitzeaz gain, "erantzukizunak garbitu" behar ditu; garbitze hori, ezinbestean, arduradunen dimisioetan gauzatu behar dela uste du.

Vilaltak ziurtzat jotzen du ustezko espioitza horren atzean Estatua egotea eta Gobernua jakinaren gainean egotea. Ohartarazi du kasu hori ezin dela zigorrik gabe geratu, Gobernuak ezin duela sekretu ofizialen Legearen atzean ezkutatu eta ez dela "bermerik gabeko barne-ikerketa batean" argituko.

Vilaltak ohartarazi duenez, 'Catalan Gate' delakoak hainbat proiekturei eman dakieken babesa zalantzan jartzen du, "pertsona askoren eskubideak urratu direlako eta Gobernu zentralarekiko konfiantza hautsi delako".

Aurretik dimisiorik egin gabe ere, elkarrizketa-mahaia berriro bildu daitekeen galdetuta, Vilaltak esan du ez dutela "inoiz negoziazioaren bandera" utziko, eta Gobernuari exijitu dio, elkarrizketaren aldeko apustua benetakoa bada, mahaiak aurrera egin ahal izateko baldintzak sor ditzala.

Bateti babesa eskatzea

Bestalde, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak, Miram Nogueras JxCATekoak, Ferran Bel PDeCATekoak eta Albert Botran CUPekoak babesa eskatu diote Meritxell Batet Kongresuko presidenteari, eta eskatu diote iker dezala Kongresuko mugikorren bidez egin dieten ustezko espioitza, Behe Ganberaren funtzionamenduari eraso diotela iritzita.

Lau diputatuek, joan den ostegunean erregistratutako idatzi batean, Pegasus operazioaren atzean nor dagoen ikertzeko eta antzeko gertaerak berriro gerta ez daitezen neurriak hartzeko eskatu diote Bateti.

Gutunean gogorarazi dutenez, "Ganberaren bortxaezintasuna (EKren 66.3 artikulua) berme instituzionala da, eta Diputatuen Kongresuaren independentzia ziurtatzeko ezinbesteko baldintza"; gailu mugikorretan sartzea "gure jarduera politikoaren eta gure oinarrizko eskubideen aurkako erasoa" izan dela salatu dute.

"Gorte Nagusietako kide garen heinean, gure parlamentu-prerrogatibek babestutako gure oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, lan politikoa askatasunez egiteko bermeak ere urratu dira", azpimarratu dute, bai eta "adierazpen askatasuna eta aniztasun politikoa eta demokrazia" ere.

Nabarmendu dutenez, "talde horiek gainerako indar politikoekin dituzten harreman politikoak kontuan hartuta, zeharka bada ere, espioitza kasu honek Diputatuen Kongresu osoari eta haren funtzionamendu eraginkorrari eraso egin dio".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Delituak Espainiako Gobernua EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC Kataluniako Generalitatea