Politika -

DIMISIOA

Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zerbitzuko zuzendariak dimisioa eman du

Eusko Jaurlaritzak Fernando Izagirreren dimisioa onartu du, Bizkaiko DYAko presidente zen garaian ustez egin zituen irregulartasunengatik. Galdakaoko EAJren udal taldearen bozeramaile kargua ere utzi du.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Izagirre Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak dimisioa eman du, Bizkaiko DYAko presidente izan zen garaian ustez egindako irregulartasunengatik.

Eusko Jaurlaritzako iturriek EITB Mediari baieztatu diotenez, asteburuan eman zuen dimisioa, eta atzoko gobernu bilerak onartu egin zuen bi aldeak adostasuna lortu ondoren.

Aipaturiko iturrien arabera, kargugabetzeak ez du zerikusirik Eusko Jaurlaritzan izan duen zereginarekin. Dena dela, Fernando Izagirreri leporatzen dizkioten delituak azkar argitzea espero du Jaurlaritzak.

DYAko egungo zuzendaritzak apirilean salaketa jarri zuen Fiskaltzaren aurrean, 2016 eta 2021 bitartean Fernando Izagirre erakunde horretako presidente zela kudeaketa ekonomiko irregularra egin zuelakoan.

DYAko iturriek Euskadi Irratiari adierazi diotenez, duela urtebete zuzendaritza berriak kargua hartu berritan agindutako barne auditoriak irregulartasunak azaleratu zituen. Emer Plus enpresarekin lotutako "mugimendu arraroak" eta justifikatuko gabeko mugimendu ekonomikoak aipatu dituzte.

Horrela, apirilaren 4an DYAk dagokion salaketa aurkeztu zuen epaitegietan. Antza denez, Izagirre ez ezik, DYAko zuzendaritzako beste hainbat kide ere zipriztindu ditu auziak, 10 pertsona guztira.

Javier Liz DYAko gerenteak Radio Euskadin azaldu duenez, ez dute gaiari buruzko iritzirik eman nahi, harik eta inplikatutako pertsonek azalpenak ematen dituzten arte.

Testuinguru horretan, Fernando Izagirrek uko egin dio DYAko zuzendaritzari, eta Galdakaoko EAJren udal taldearen bozeramaile kargua ere utzi du. Azken udal hauteskundeetan Galdakaoko alkatetzarako EAJren hautagaia izan zen, baina azkenean EH Bilduk eskuratu zuen alkatetza. Halaber, alderdiko karneta ere entregatu du.

Erreakzioak

Fernando Izagirre Larrialdiei Aurre Egiteko zuzendari izendatzeko orduan Eusko Jaurlaritzak "ardura gutxi" izan zuela salatu du Euskadiko PPk. Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko PP+Cs alderdiko legebiltzarkidearen ustez, EAJren karneta nagusitu da postu hori betetzeko egokitasunaren aurrean. Hori dela eta, PP+Cs taldeak azalpenak eskatuko dizkio Segurtasun sailburuari maiatzaren 6an Eusko Legebiltzarrean egitekoa den osoko bilkuran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Galdakao berriak Eusko Jaurlaritza Delituak azken ordukoa Eguneko albisteak Eguneko albisteak Bizkaia