Politika -

Espioitza politikoa

Espainiako Gobernuak "kontu emango du" espioitza politikoaren auzian, Sanchezen arabera

Presidenteak esan duenez, "gardentasunez, kontu emanez eta legezkotasunari kasu eginez" gauzak argitzea nahi du. ERCren hitzetan, espioitza "izugarri larria" da Exekutiboak agindua bada, baina "are larriagoa" berak agindu gabe egin bada.

Pedro Sanchez, Kongresuko kontrol saioan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Kongresuko kontrol saioan.
Pedro Sanchez, Kongresuko kontrol saioan. Argazkia: EFE

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu du espioitza politikoaren auzian kontu emango duela, "gardentasunez, kontu emanez eta legezkotasunari kasu eginez", Inteligentzia Zentro Nazionalaren (CNI) barne-kontrolaren prozesuari erreferentzia eginez.

Diputatuen Kongresuan egindako kontrol saioan, Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak Sanchezi galdetu dio ea bere Exekutiboak Kataluniako eta Euskal Herriko ekintzaile, kazetari, abokatu eta politikari independentisten espioitza kasua ikertuko duen.

Sanchezen arabera, Espainiako Gobernuak "gertaerak argitzeko borondatea" adierazi du, baita "elkarrizketarako eta Kataluniako krisi politikoa gainditzeko borondate irmoa" ere. "Konfiantza hori berreraikitzeko eskatuko nioke", esan dio Rufiani.

Buruzagi independentistaren ustez, Espainiako Estatuak modu "alegalean" zelatatu du, zelatatzen du eta zelatatuko du, zalantzarik gabe, PSOEren eta PPren gobernuetako Barne Ministerioko karguek hiru batzordetan aitortu dioten bezala. "Galdera da ea oraingoan ordenatu duzuen", esan dio Sanchezi. Rufianen hitzetan, espioitza "izugarri larria" da Gobernuak agindu bazuen, eta "are larriagoa" agindu ez bazuen, "horrek esan nahiko lukeelako ez dituzuela estolda guztiak garbitu", eta orduan "estolda guztiak arratoiz betetzen dira, eta arratoiek dena jaten dute".

Sanchezek azpimarratu duenez, CNIren ekintza guztiak legearen arabera egin dira.

Rufianek Sanchezi, Abascal deitu ondoren: ''Ni zelatatzea ondo, baina Abascal deitzeak izorratu egiten nau''
Rufianek Sanchezi, Abascal deitu ondoren: ''Ni zelatatzea ondo, baina Abascal deitzeak izorratu egiten nau''
Rufianek Sanchezi, Abascal deitu ondoren: ''Ni zelatatzea ondo, baina Abascal deitzeak izorratu egiten nau''

0:34

Gobernuaren erantzuna "ez da nahikoa" EH Bildurentzat

Felix Bolaños Presidentetza, Gorteekiko Harreman eta Memoria Demokratikorako ministroak ere Gobernuak "egia argitzeko" iragarritako neurriak defendatu ditu, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak egindako galdera bati erantzunez.

Bolañosek defendatu du CNIk "barne-kontrolerako ariketa" bat ireki duela, sekretu ofizialen batzordean baloratu ahal izango dena; Exekutiboak ofizioz jardungo duen Herriaren Defendatzailearen ikerketari lagunduko diola, eta dokumentuak desklasifikatuko dituela, epaileak eskatuta.

EH Bilduren arabera, neurri horiek ez dira nahikoak. "Ez gara sekretuen batzorde batean arazoa konpontzeaz ari, azken hamarkadetako eskandalurik handienaren aurrean gaude eta", esan du Iñarrituk, eta "erantzukizunak argitzeko neurri sendoagoak" eskatu ditu, ez baitu nahi Gobernua "erortzea eta ultraeskuina etortzea".

Bolañosen esanetan, Gobernuaren baitan "ez dugu aurrez epaiketarik egiten", eta kontzientzia lasai dute. "Gobernuak jarraitzea merezi du", esan du, independentistek babesa kentzeari erreferentzia eginez.

EAJren ustez, sekretuen batzordeak ez luke ezer konponduko

Margarita Robles Defentsa ministroak Aitor Esteban EAJko bozeramaileari erantzunez azaldu duenez, "CNIri, beren baliabideei eta beren langileei buruzko guztia" 11/2002 legearen 5. artikuluak babestuta dago, eta sekretu ofizialen batzordea azpimarratu du berriro. "Espero dut batzorde hori laster osatzea eta Pegasus auziaz hitz egin ahal dugun. Asko harrituta geratuko lirateke", esan du.

Diputatu jeltzaleak uste du batzordeak ez lukeela ezer konponduko, eta sekretu ofizialen legea eta CNIrena aldatzeko eskatu du. "Ni han egon naiz, eta inoiz ez da sekreturik kontatu. Ez da ezer konponduko batzordearen saio bat eta bozeramaile bakoitzak bi txandatan galdetuta", esan du.

Estebanen ustez, espioitzaren froga nahikoak daude. "Sinestezina litzateke Auzitegi Goreneko epaile batek banaka eta hiru hilabetez baino gehiagoz 60tik gora entzuketa agintzea. Ez du inork irensten", esan du, eta ikerketa batzorde bat onartzeko eta dokumentuak desklasifikatzeko eskatu dio Gobernuari. "Zer gertatu zaio zu zinen epaile aurrerakoiari? Erabat kezkatuta egongo litzateke gertatzen ari denarekin", esan dio Roblesi, eta segurtasun indarren "txalotzaile hutsa" izatea leporatu dio.

Ministroak frogak aurkezteko eskatu dio Estebani, eta epaile aurrerakoi gisa esan dio eskandalizatu egiten dela "askatasunez gauzak leporatu ahal dituelako inolako frogarik gabe: ez dakit zenbat espioitza, ez dakit zein txostenetan oinarrituta eta ez dakit zein komunikabidetan oinarrituta".

Juntsek eta CUPek ikerketa gehiago eskatu dituzte

Miriam Nogueras Juntseko bozeramaileak uste du Gobernuak ikerketa batzorde bat ahalbidetu behar duela, bestela "denak konplizeak izango baitira". Izan ere, Sanchez espioitzaren "arduradun nagusia" dela adierazi du, "kontrakoa frogatzen ez den bitartean".

Mireia Vahi CUPeko diputatuak berretsi du komunikabideak direla informazioa ematen ari direnak, eta adierazi du "eskandalu" hori ez dela konponduko sekretu ofizialen batzordean "pare bat txandarekin". "Eskandalu publikoa da, eta jendaurrean azaltzea merezi du", ohartarazi du, CNIk legea beteko ote duen zalantzan jarriz. "Burura datorkigun justifikazio bakarra da Espainiaren batasuna babestu nahi denean denak balio duela", aitortu du.

Roblesek deitoratu egin du argi eta garbi hitz egin ezin izatea, legeak galarazten duelako CNIren jardueren xehetasunak ematea, erabiltzen dituen programak barne.

"Ezin da adierazpenik egin froga-euskarririk gabe. Zuzenbide Estatu batean gaude eta denok gaude legearen menpe ", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Delituak albisteak Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak ERC Pegasus auzia EH Bildu Bizkaia