Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

"Populismoen kontra indarrak batzeko" deia egin dio Enrique Mayak Geroa Bairi, Podemos eta EH Bildu ahotan

Iruñeko alkateak ez du argitu datorren urteko udal hauteskundeetan hautagai izango den, eta esan du erabakitzeke dutela Navarra Suma koalizioaren baitan edo UPN gisa aurkeztuko diren. "Azken orduko erabakia izango da, aukera guztiak daude zabalik", erantsi du.

Maya, Iruñeko estudioan, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Maya, Iruñeko estudioan, elkarrizketaren une batean.
Maya, Iruñeko estudioan, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Maya Iruñeko alkateak "populismoen kontra indarrak batzeko" deia egin dio EAJri —Geroa Bai koalizioaren parte den aldetik—, Podemos eta EH Bildu ahotan hartuta. Izan ere, horren ustez, "gobernu populistak" daude Nafarroan eta Espainian, eta "oso txarrak dira".

Mayaren ustez, jeltzaleek "kezkatuta" egon beharko lukete Nafarroan dagoen gobernu eredua "Euskadin ere sor daitekeelako" (PSE-EE, Podemos eta EH Bildu). Hala, Foru Erkidegoan, "garrantzitsuena den horretan, eredu ekonomiko eta politikoan ados jartzeko" eskatu dio Geroa Bairi.

Hauteskundeak hizpide hartuta mintzatu da buruzagi erregionalista Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Dena dela, ez du argitu Iruñeko Alkatetzarako hautagai izango den, eta Navarra Suma (UPN, Ciudadanos eta PP alderdien arteko koalizioa) markapean aurkeztuko den edo UPN bakarrik ordezkatuz.

Lehenengoaren inguruan esan duenez, "oraindik ez da unea heldu, egunerokoan nago buru-belarri, ez etorkizuneko kontuetan". Alkategai izateko "indar faltarik ez dut", azaldu du, baina "azterketa orokorragoa egin behar da", gaineratu du. Hauteskundeetan erabiliko duten marka hizpide, "zatituta" dagoela aitortu du: batetik, jakin badaki koalizio gisa "indarrak batu" egiten direla, baina, bestetik, "pena" ematen dio UPN marka desagertzea. Mayaren hitzetan, "politika oso zail dago, eta, beraz, zaila da ezer aurreratzea. Azken orduko erabakia izango da".

Sayas eta Adanero UPNko diputatu ohiekin gertatutakoa —lan erreformaren bozketan alderdiaren boto-diziplina hautsi zutela eta, alderditik kanporatu dituzte— "mingarria" izan dela azpimarratu du, eta aitortu du "txarra" dela plataforma sortzea. Horren arabera, "botoak kenduko dizkigute".

Azkenik, sanfermin jaiak ahotan, "gogotsu" dagoela nabarmendu du, eta, bi urteren ostean, "jaiak normaltasun guztiarekin" ospatuko dituztela iragarri du. "Sanferminak erdizka egitea ez da posible", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea UPN Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Navarra Suma