Politika -

ESPIOITZA politikoa

CNIko zuzendariak agerraldia egingo du gaur Kongresuan, espioitza kasuei buruzko azalpenak emateko

Paz Estebanen agerraldia ateak itxita egingo da sekretu ofizialen batzordean eta bertan izango diren diputatuek galarazita izango dute hark emandako azalpenak publiko egitea.

Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paz Esteban Espainiako Inteligentzia Zerbitzuko (CNI) zuzendariak agerraldia egingo du ostegun honetan Kongresuko sekretu ofizialen batzordean, Espainiako Gobernuak eta Kataluniako eta Euskal Herriko politikari independentistek salatutako espioitza kasuei buruzko azalpenak emateko.

Sekretu ofizialen batzordea joan den astean eratu zen eta lehen aldiz alderdi independentistak izango dira bertan, tartea ERC eta EH Bildu. Foro horrek bi urtetik gora daramatza bilerarik egin gabe. Estebanen agerraldia 09:00etan hasiko da eta ateak itxita egingo dute.

Joan den astean argitara atera zen Kataluniako eta Euskal Herriko 60 bat politikari independentista zelatatu egin zituztela sakelako telefonoetan hackerrek instalatutako Pegasus programaren bidez. Halaber, Espainiako Gobernuak atzo jakinarazi zuen Pedro Sanchez eta Margarita Robles ere zelatatu zituztela 2021eko maiatzean eta ekainean, hurrenez hurren.  

Kasu horien inguruko azalpenak emango ditu CNIko zuzendariak, baina batzorde horretan kontatzen duena sekretupean gordeko da. Han egongo diren diputatuek eskura izango dute Estebenek eramango duen informazio guztia, baina galarazita izango dute publiko egitea.

Bestalde, Espainiako Gobernuak bere babesa agertu dio CNIko zuzendariari, baina ez du argitu Estebanek dimisioa emango duen ala ez.

Horrela, bada, Isabel Rodriguezek asteartean adierazi zuen erabakiak jasotako informazioaren arabera hartu behar direla eta azpimarratu zuen orain gertatutakoa argitzeko unea dela.

"Ezin dugu etorkizunean gerta daitekeenari buruz hitz egin", berretsi zuen Estebanen balizko dimisioari buruz galdetu ziotenean.

Bestalde, Margarita Roblesek agerraldia egin zuen asteazkenean Diputatuen Kongresuko Defentsa Batzordean eta esan zuen "bereziki harro" dagoela CNIren arduradunekin.

Halaber, eta Pegasus auzia espresuki aipatu ez bazuen ere, honakoa erantsi zuen: "Delituzko ekintzak daudenean, ezin gara isildu eta ezin dira saihestu, auzitegietara jo behar da". Ministroaren ustez, eurei bakarrik dagokie, "Zuzenbideari jarraiki, erantzukizunak ezartzea".

Horrez gain, Pere Aragones Generalitateko presidentearen ahotan, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, Pegasus auzian egiten ari den kudeaketarekin, "elkarrizketaren eta negoziazioaren bidea zapuzten ari da". Horregatik, erantzukizunak garbitzea eskatu dio, Kataluniako Exekutiboaren konfiantza berreskuratzeko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC Pegasus auzia