Politika -
Espetxeak
Presoen eta biktimen arteko bilerak "orokortu eta sistematizatu" nahi ditu Justizia Sailak
Hala ere, Eugenio Artetxe Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendariak aitortu duenez, "ez dago arau garbirik prozesua, haren eratorpena eta ondorioak arautzeko.
Agentziak | EiTB Media
'Justizia Errestauratiboaren Estrategia 2022-2025' dokumentuaren zirriborroak planteatu duenez, espetxeetan biktimen eta presoen arteko bilerak "orokortzeko, sistematizatzeko eta finkatzeko" helburua dute. Hori bai, biktimek zein presoek erabakiko dute eurentzako egokiak diren ala ez.
Eugenio Artetxe Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendariak aitortu duenez, "ez dago arau garbirik prozesua, haren eratorpena eta ondorioak arautzeko. 'Justizia Errestauratiboa Espetxeetan' izeneko topaketa egin dute ostegun honetan, Bilbon. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ere parte hartu du.
Artetxek azaldu duenez, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak 2.272 pertsona artatu zituen 2020an; Zigorrak eta Neurri Alternatiboak Kudeatzeko Zerbitzuak, 6.000 lan inguru Komunitatearen Onerako eta Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak, zeinak deribazio judizialaren bidez jarduten baitu instrukzioan eta prozedura penalean, 1.260 kasurekin, 2019an.
Bestalde, Langraiz bidea-ren bilerak gogora ekarri ditu, ETAko presoen eta biktimen arteko batzarrak, alegia; baita Zaballako boluntariotza ere (79 pertsona 2012-2019 epean).
Artolazabal sailburuak adierazi duenez, "diskrezioz lanean ari gara dagoeneko, eta lanean jarraituko dugu". Agintariaren esanetan, justizia errestauratiboa "Euskadin elkarbizitzan aurrera egiten jarraitzeko orduan oso erabilgarria izan daiteke, ETAko terrorismoaren hamarkada odoltsuen ostean".
Hala ere, justizia errestauratiboak delitu mota (gehienetan arinak), delitugilearen adina eta prozesuko fasearen menpe jarraitzen duela zehaztu du Artetxek; "ez dago arau garbirik prozesua, haren eratorpena eta ondorioak arautzeko, ezta eragile juridikoen arteko informazio eta trebakuntza nahikoa, eta statusaren eta prozedura erraztaileen inguruko estandarrik ere".
Horregatik, estrategiaren zirriborroa egin dute. Hiru ardatz ditu (sarrera, ezagutza eta konfiantza, eta aldaketa kulturala), 18 xede eta 77 ekintza.
Proposamena espetxe eta justizia sistemako eragileekin partekatzen ari dira orain, haien ekarpenak jasotzeko. Era berean, ostegun honetako jardunaldien ondorioak kontuan izango dituzte, Artetxek erantsi duenez.