Politika -
PP
Euskadi "infernu fiskal" bihurtzea leporatu dio Iturgaitzek Urkulluri
EAJren eredu nazionalistaren alternatiba gisa proposatu du bere alderdia EAEko PPko presidenteak, "jeltzaleenak ez baitu funtzionatzen", eta zerga-beherapenak eskatu ditu.
EITB Media
Carlos Iturgaitz EAEko PPko presidenteak larunbat honetan esan duenez, "Urkulluk infernu fiskal batean bihurtu du Euskadi, eta kalte egiten die bertako familiei; izan ere, horiek, premiazko konponbideak behar dituzte hilabetearen amaierara iristeko".
Portugaleteko (Bizkaia) afiliatuekin egindako ekitaldi batean hitz egin du Iturgaitzek, eta esan du herritar asko hurbiltzen zaizkiola agintarien "gelditasunagatik" kezkatuta daudela esateko. "Urkullu eta Sanchez, bazkideak, burruntziak bezala, elkarri itsatsita daude ez kudeatzeko momentuan, eta ez dituzte benetako arazoak konpontzen", deitoratu du.
"Utzikeria horren aurrean, herritar asko autokonplazentziaren aurka matxinatzen hasi dira, oasi faltsuaren datuak agerian utziz", azpimarratu du PPko buruzagiak, eta Zedarriak enpresa-foro berriaren txostena jarri du adibidetzat: "Egia esaten ari dira, eta esaten dute EAJk marrazten digun euskal oasia irudipen hutsa dela, jeltzaleen kudeaketak porrot egin duelako. Eskerrak eman nahi dizkiet txosten honen egileei EAJren presioak onartu ez dituztelako".
Gaineratu duenez, popularrek "aspaldi" salatzen hasi ziren txosten horrek dioena, "Euskadik aspaldi utzi zion aukeren lurraldea izateari; talentuak ihes egiten du, eta enpresariek beste lur erakargarriago batzuk bilatzen dituzte".
Ildo horretan, Iturgaitzek gaineratu du, "enpresariei pultsua botatzeaz gainera", beste pultsu bat botatzen ari diela EAEko familiei, zergak ez jaisteagatik. "Hobeto kudeatuko balu, herritarrok zerga-beherapena izango genuke gaur, baina ez, hori ez du nahi Urkulluk. Duela egun batzuk Madrilera joan zen, Ayusori esker zerga-beherapenen paradisua izan dena, lur honetan presio fiskala jaisten ez dela azpimarratzera; azken finean, Urkullu Ayusoren arrakasta-eredua kritikatzen saiatzen ari da", salatu du buruzagi popularrak.
Horregatik guztiagatik, Iturgaitzek ziurtatu du PP dela eredu nazionalista horren "alternatiba", "gobernatu daitekeelako zergak jaitsiz eta autonomoei, enpresa txiki eta ertainei presio fiskala arinduz. PPk agintzen duen tokian eredu arrakastatsu bat dago".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere kritikatu du, "eskrupulurik gabeko presidentea, Moncloan jarraitzearren herrialde baten sekretuak ere saltzeko gai delako".
"EH Bildu eta ERC sekretu ofizialen batzordean sartzea piraña bat komunean sartzea bezala da; lapurrari etxeko giltzak ematea da. Horiek guztiak hilzorian dagoen gobernu baten sintoma larriak dira", ondorioztatu du.