Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Urtaran, Subillako gasaren kontura: "Zentzurik al dauka ustiatu ezingo den zerbait esploratzea?"

Bestalde, Gasteizko alkateak aurreratu du administrazioan lan egiten duten bitartekoen egoera egonkortzeko prozesua konplexua izango dela, eta horretarako, elkarlana sustatzearen alde egin du. 600 bat pertsona sartuko dira prozesuan hiriburuan.

Urtaran, hoy, en esutdios de Radio Euskadi. Foto: EITB MEDIA
Urtaran, en esutdios de Radio Euskadi
Urtaran, hoy, en esutdios de Radio Euskadi. Foto: EITB MEDIA

Iker Gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak, Subillan gasa esploratzeko lizentziaren inguruan, esan duenez, "ez da esploraziorik egin, gasa ateratzea galarazten duen klima aldaketaren legea dagoelako. Hori dela eta, Gasteizen eta Subillaren kasuan, ez da esploraziorik egin Estatu mailako lege batek debekatzen duelako". "Zentzurik al dauka ustiatu ezingo den zerbait esploratzea", galdegin du.

Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egindako elkarrizketa batean, Urtaranek atzo Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak CEBEKen ekitaldian egindako adierazpenak izan ditu hizpide. Tapiaren esanetan, "ez daukagu baliabiderik, agian, lurrazpian izan genezaken gasa ez esploratzeko erabakia hartu dugulako, baina ez digu kexarik sortzen Bilboko Portura AEBn, frackingaren bidez ateratako gasaz betetako ontzia heltzeak".

"Bat nator sailburuarekin, batzuetan ez zaigu axola nola ustiatzen den Euskadin kontsumitzen dugun gasa. Baina, gure kasuan, ez da esploratu ustiapena galarazten duen klima aldaketaren legea dagoelako", esan du berriz.

"Udal mailako araudia dago, eta errespetatu beharra daukagu. Kontuan hartuta nekazaritzaren ikuspuntutik balio handiko gunea dela, ezin da ustiapenik egin. Baina, harago noa, Estatuko lege batek ustiapena debekatzen du, hortaz, zentzurik al dauka ustiatu ezingo den zerbait esploratzea?", galdegin du.

Hori dela eta, Urtaranek energia berriztagarrien sustapenean indarrak batzeko deialdia egin du. "Berezko energia sortzea behar dugu, energia berriztagarria, garbia. Bide batez, 30 eta 40 euro bitartean dago GWh, gasaren 300 euroko prezioaren aurrean. Garbiago eta jasangarriago ez ezik, lehiakorrago ere egingo gaitu gaitasun ekonomikoaren ikuspuntutik".

Bestalde, euskal hiriburuko alkateak bitartekoen egoera egonkortzeko prozesuaz mintzatu da. Bere esanetan, euskal udalen elkarteak "udal eta erakundeekin batera lan egin behar du bitarteko langileen egonkortzean", proiektuak hartutako neurria kontuan hartuta, administrazioan langileen egoera egonkortzea derrigortzen duen Estatuko legea indarrean sartu ostean.

Hala, Urtaranek aurreratu duenez, egonkortze prozesua "konplexua izango da, tresnak bilatu behar dira". "Udaletako bakoitzak bere kabuz egin behar baldi badu prozesua, elkarrekin eginda baino askoz konplexuagoa izango da", azaldu du.

Era berean, 600 bat pertsona sartuko dira prozesu horretan hiriburuko Udalean, "enplegu publikoko bi eskaintza egin berri baditugu ere". Gainera, aurreratu du gehien gehienak merituak kontuan hartuta sartuko direla, bost urte baino gehiago lanpostu berean izan diren pertsonak baitira.

 

 

Informazioa osatzeko lanean ari gara

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Politika Gorka Urtaran Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak