Politika -

Eusko Legebiltzarra

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk ultraeskuinaren kontrako adierazpen bat adostu dute

Eusko Legebiltzarreko talde nagusiek "kezka" adierazi dute eskuin muturraren eta neofaxismoaren gorakadarengatik, eta gorrotozko estrategiei aurre egitea adostu dute.

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea. Argazkia: EFE
Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea.
Ultraeskuinari aurre egiteko proposamena onartu du Legebiltzarrak

01:20

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU taldeen aldeko botoekin, "eskuin muturreko indarren eta indar neofaxisten" gorrotozko estrategiei eta "beldurraren eta diskriminazioaren" apologiari aurre egitea adostu dute Eusko Legebiltzarrean.

PP+Cs taldea eta Voxen ordezkaria bakarrik agertu dira eskuin muturraren diskurtsoaren aurkako ekimenaren aurka. EH Bilduk legegintzaldiaren hasieratik Voxekin eztabaidetan ez parte hartzearen eta alderdi horren inguruan osasun-lokarri bat ezartzearen alde egin du. Hala ere, berak aurkeztu du ekimena.

Hasierako testuari EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdibideko zuzenketa jartzea adostu dute, eskuin muturraren gorakadak eta neofaxismoak eragindako "kezka" adierazteko, "askatasunaren, eskubide sozialen eta demokraziaren aurkako mehatxua direlako".

Ganberak errefusatu egin ditu "munduan ematen ari diren polarizazio politiko eta militar populista, totalitario eta inperialista guztiak", eta berretsi egin du askatasunerako eta ideien truke askerako gunea izaten jarraitzeko bokazioa, eztabaida arrazionalen bitartez, muga bakarra giza eskubideen errespetua dutena.

Legebiltzarra pertsonen eta kolektiboen aurkako indarkeria eta diskriminazio adierazpen ororen aurka agertu da, eta demokraziaren, berdintasunaren eta giza eskubideen agenda beldurraren eta diskriminazioaren apologiari kontrajartzeko borondate irmoa adierazi du.

Taldeen argudioak

Garikoitz Mujikak (EH Bildu), mozioa aurkeztu duen koaliziokoa, eskuin muturrak etorkinen eta LGTBI bezalako kolektiboen aurkako "erasoak" eta haien gorroto-diskurtsoak aipatu ditu, eta ultraeskuinaren kontra osasun-hesi bat eratzea aldarrikatu du, gobernuetan eta erakundeetan sartzea eragozteko eta eztabaida politikoa baldintzatzeko estrategia saihesteko.

Joseba Egibarrek (EAJ) zalantzak adierazi ditu eztabaida hauek Legebiltzarrera eramatearen egokitasunaz, eskuin muturrari protagonismo hori doan ez ematearen alde agertu da, eta ohartarazi du erakundeak ahulak direnean eta arazoak pilatzen direnean populismoak bere bidea aurkitzen duela.

Txarli Prietok (PSE-EE) Gaztela eta Leonen gobernatzeko Voxekin duen ituna aurpegiratu dio PPri, popularren "deriba" hori "oso arriskutsua" delako, eta beharrezkotzat jo du ultraeskuinari "eta haiekin itunak egiten dituztenei bidea ixtea".

Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-IU) esan du ultraeskuina "arriskutsua" dela feminismoaren eta etorkinen aurkako gorroto antidemokratikoaren diskurtsoa zabaltzeagatik eta klima aldaketa ukatzeagatik, eta Vox frankismoaren oinordeko politiko eta ideologikoa dela ziurtatu du.

PP+Cs koalizioak kontrako botoa eman du, eta Carmelo Barrio EH Bilduri zuzendu zaio. Subiranistei aurpegiratu die erakundeen defentsaz hitz egitea, oraindik legebiltzarkideak, zinegotziak, epaileak eta ertzainak hil eta jazarri izana justifikatzen dutenean.

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea bereziki gogorra izan da ezker abertzalearen aurka, baina baita zuzenketa adostu duten alderdiekin ere. "Denak baten aurka", esan du. "Benetako faxismoa" EH Bildurena dela esan du, "hilketaz betetako motxila" daramalako. EAJren aurka ere egin du, badakielako Abascalekin "ezingo duela inoiz bere merkataritza politikan jokatu", Podemosen "ultraezkerraren" aurka eta PSOEren "lotsaren itunen" aurka. "Beldur dira Vox hirugarren indar politikoa delako eta laster Espainia gobernatuko duelako, eta agenda politikoan Bildu legez kanpo uztea egongo delako", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Vox Eskuin muturreko mugimenduak Amaia Martinez Grisaleña