Politika -
Memoria historikoa
Gutxienez 17 miliziano antifaxista daude Donostiako hilerriko mausoleo frankistan lurperatuta
Aranzadik deskubritu duenez, matxinatutako bandoak frankismoan eraikitako mausoleoan gutxienez tropa frankisten aurka borrokatu zirenak 17 milizianoren gorpuak daude. Udalak bando irabazleari gorazarre egiten dion plaka kenduko du.
Agentziak | EITB Media
Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostiako Udalaren enkarguz egindako ikerketa batean baieztatu duenez, Polloeko hilerriko "martirien mausoleoan", matxinatuen bandoan eroritakoen omenez eraikia, gutxienez tropa faxisten aurka borrokan hil ziren 17 miliziano daude.
1940an eraikitako mausoleoan lurperatutako beste 14 gorpu, hilobiko plakak dioenez, ikerketa fasean daude eta milizia herrikoi, komunista eta anarkistetako kideenak ere izan daitezke. Hilobiko plakak zera dio: "Beren idealak, Jainkoarenak eta Espainiarenak defendatzeagatik eraildakoen oroimenez".
Eneko Goia alkateak, Ane Oyarbide Berdintasun eta Eskubide Zibiletako zinegotziak eta Javier Buces Aranzadi Elkarteko ordezkariak aurkeztu dute aurkikuntza.
Mausoleoa udalarena da. Memoria historikoaren legea betetzen ote duenaren zalantza piztu zenean, Udalak ikerketa bat egiteko eskatu zion Aranzadi Elkarteari. Goiak azaldu duenez, "harridura" sortu du emaitzak: 1936ko uztailean tropa frankisten aurka borrokatu ziren milizianoen gorpuak daude lurperatuta.
Plaka kenduko dute, legearen aurka doalako, eta, ondoren, taldeen ordezkariekin aztertuko da, Giza Eskubideen batzordean, ehorzketa testuinguruan jarriko duen azalpenik jarri edo zer erabaki hartu behar den, alkateak azaldu duenez.
Aranzadi Elkarteak dokumentu bat aurkitu zuen udal artxiboetan 1939ko otsailean udal frankistak bando horretan eroritakoen senideei egindako deia jasotzen zuena, gorpuzkiak Polloen eraiki behar zen mausoleora eramateko. Mausoleoko eraikuntzaren gastuak Udalak hartuko zituen bere gain.
Faxisten bandoan eroritakoak Erorien Haranean lurperatzeko aukera zabaldu zela, 1958-1963ko dokumentuetan jasota dagoenez. Lau familiak bakarrik onartu zuten hori.
Agindua Donostiako Udalera iritsi zenean, kanposantuko arduradunari eskatu zion nitxoetan edo taldean lurperatuta zeuden pertsonei buruzko dokumentazioa, hala nola, Polloeko "martirien mausoleoan" daudenena.
Funtzionarioak 121 izen identifikatu zituen, eta horietatik, Aranzadi Elkarteak egiaztatu du, artxibo historikoak eta militarrak aztertu ondoren, 17 Donostiaren defentsan borrokatu ziren milizianoenak direla. Batzuk donostiarrak dira; beste batzuk, Bilbotik, Arrasatetik, Eibartik (Gipuzkoa) edo Altsasutik (Nafarroa) etorritakoak. Gehienak, komunistak eta anarkistak.
Dokumentazioaren arabera, pertsona horiek 1936ko uztailaren 25ean eta 27an lurperatu zituzten. Mausoleora 1940ko uztailean eraman zituzten. Horietako batzuk "Jainkoaren eta aberriaren alde hildakoak" bezala sailkatuta egon litezke.
Bucesek adierazi duenez, hori zentzu praktiko batengatik edo ezjakintasunagatik izan daiteke.