Politika -
LGTBI+fobia-ren aurkako eguna
Legebiltzarreko taldeek, Vox salbu, diskriminazioaren aurka eta aniztasunaren alde borrokatzera deitu dute
Legebiltzarreko bozeramaileek sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatu dituzte manifestu batean, eta gogorarazi dute "herritar guztien zeregina dela gizarte inklusibo eta anitza lortzeko ahaleginak batzea".
O. P. | EITB Media
EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU eta PP alderdiek, hau da, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, Voxek izan ezik, manifestu bateratu bat argitaratu dute gaur goizean, pertsona guztien sexu eta genero eskubideak eta askatasuna aldarrikatzeko, Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazioarteko Egunean.
Gogoratu dutenez, 1990eko maiatzaren 17tik ospatzen da urtero egun horretan MOEk homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuela. Horregatik, egun horrek "LGTBI kolektiboetako pertsonentzat balio esanguratsua du, eskubideen aldeko eta diskriminazioaren aurkako jardueren ardatz katalizatzaile gisa, gaur egun oraindik ere aurre egin behar baitio araudiarekin bat ez datorren pertsona orok".
Adierazpenaren arabera, "pandemiaren eraginez azken bi urteak benetan latzak izan dira herritar guztientzat, are gehiago LGTBI kolektiboarentzat, gehien kolpatu dutenetako bat izan baita; izan ere, desberdintasunaren arrakala areagotu egin da eta indarkeria eta kalteberatasun-egoerak eremu askotan indartu dira, sare sozialetan esate baterako". Horregatik, "aurten ere, Eusko Legebiltzarrak, sexu- eta genero-aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzeko ahotsa altxatzen du, LGTBI kolektiboaren aurkako aurreiritzi ugari munduko eskualde askotan indarrean jarraitzen du eta".
"Beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzen jarraitzea, askotan ikusezin bihurtzen diren genero-identitate, -orientazio eta - adierazpen guztiak errespetatuak izan daitezen. Gizarte osoaren erantzukizuna eta instituzio publikoen betebeharra da diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzen jarraitzea", azaldu dute.
Halaber, nabarmendu dutenez, "herritar guztion zeregina da ahaleginak batzea gizarte inklusibo eta anitza lortzeko, aniztasuna aztertzen ari garen esparrutik ulertuta, baina baita zentzu zabal batean ere". Haien esanetan, Eusko Legebiltzarrak ahaleginak batuko ditu "gizarte-eragile guztiekin, gizarte bidezkoagoa, anitzagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko. Berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero-orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin".
Amaitzeko, "maiatzaren 17an zein urteko beste 364 egunetan, LGTBI pertsonen eta haien ingurukoen ondoan jarraituko dugu, LGTBIfobiaren aurka borrokatzen. Horregaitik, deitutako mobilizazioetara batzen gara", erantsi dute.