Politika -

Berdintasuna

Kongresuko batzordeak sexu askatasunaren legea onartu du; arauak ez ditu prostituzio-etxeen jabeak zigortuko

Neurri hori ez zen ERC, EH Bildu, CUP, Junts, Ciudadanos edo EAJren gustukoa, prostituzioaren inguruan duten jarreragatik edo gaia arau berezi batean jorratzea egokiagoa dela uste dutelako.

Diputatuen Kongresuko berdintasun Batzordea. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresuko berdintasun Batzordea. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresuko berdintasun Batzordea. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuko Berdintasun Batzordeak sexu askatasunaren legeko txostena onartu du, baina azkenean arauak ez ditu prostituzio-etxeen jabeak edo haien alokairuarekin aberasten diren pertsonak zigortuko.

Burdelen jabeei hiru urte arteko espetxe-zigorrak ezartzea eta lokalak ixtea mahai gainean zegoen, baina neurria ez zen ERC, EH Bildu, CUP, Junts, Ciudadanos edo EAJren gustukoa, prostituzioaren inguruan duten jarreragatik edo gaia arau berezi batean jorratzea egokiagoa dela uste dutelako.

Horregatik, EAJk bultzatutako eta Berdintasun Ministerioarekin negoziatutako zuzenketa babestu dute indar politikoek, bi artikulu horiek legetik ateratzeko. Zuzenketak alderdi sinatzaileen eta PSOEren babesa jaso du.

Txosten osoa talde politiko guztiek onartu dute, PPk eta Voxek salbu. Horrela, araua aurrera atera da, nahiz eta egunaren hasieran arriskuan izan, PSOEk, PPren laguntzarekin, prostituzioari zigorrak gogortzeko zuzenketa onartzeko asmoa zuelako; nahiz eta Gobernuaren bazkideek ez babestu.

Horrela, neurria protagonista nagusia izan da Batzordearen eztabaidan. Horregatik, legearen testuak ekimena jasotzen baldin bazuen, bozeramaile askok araua babesteko zalantzak agertu dituzte.

Alderdiak "gai horren inguruan jarrera azaltzera behartzeko, batzuek lege hau erabiltzea", kritikatu du Joseba Agirretxea EAJko bozeramaileak. Prostituzioaren inguruko eztabaida "bakarrik zigor-zuzenketa" batekin konpondu nahi izatea salatu du jeltzaleak.

"Lege honen helburua zein den ahaztu dute batzuek, zergatik galdu dugu bistatik xedea?", galdetu du EAJko diputatuak.

Azkenik, Bel Pozueta EH Bilduko bozeramaileak sozialistei "intrantsigentzia" aurpegiratu die, "PPrekin adostera iritsi direlako, nahiz eta legea arriskuan jarri".

"Indarkeria matxistaren existentzia zalantzan jarri eta, beste interes batzuei lehentasuna emateko, erkidegoetan Voxekin itunak ixten dituen talde batekin adostu duzue", deitoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Espainia albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Matxismoa gaur Feminismoa gaur