Politika -

EAJ

"Espainia nostalgikoari eusteko dike" izango den "mugimendu periferikoa" sortzeko deia egin du Ortuzarrek

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak "lurralde kontzientzia esnatzearen" alde egin du, "zentralizazioaren aldeko danborrak entzuten hasi direlako”.

Andoni Ortuzar, EBBko presidentea artxiboko irudian. EFE.
Andoni Ortuzar, EBBko presidentea artxiboko irudian. EFE.
Andoni Ortuzar: ''Suenan tambores de recentralización y vuelta a la España nostálgica''

1:04

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak "mugimendu periferiko bat" eratzeko deia egin du larunbat honetan Mallorcatik (Balear Uharteak), Voxek aldarrikatzen duen "Espainia nostalgikoari eusteko dikea" izan dadin. Hori dela eta, "lurraldearen kontzientzia esnatzearen" alde agertu da, "birzentralizazioaren danborrak entzuten hasi direlako".

Hala azaldu du Ortuzarrek El Pi-Proposta per les Illes Balears taldeak antolatutako mahai-inguruan. Bertan egon dira ere Fernando Clavijo Kanariar Koalizioko presidentea eta Pep Melià eta Xisca Mora El Pi-ko bozeramaileak.

Buruzagi jeltzaleak hitzordua aprobetxatu du Balearretako herritarrei esateko jabetu daitezen "zelako garrantzia duen Madrilen, Bruselan edo edonon euren interesak defendatuko dituen norbait izatea". Izan ere, haren ustez, politika egiteko bi modu daude: Estatuko alderdiena eta "beren herrien eta erkidegoen interesak defendatzen dituztenena". Ildo horretan, gaineratu du eurek "herritarren interesak borroka politikoaren interesen aurretik" jartzen dituztela.

Hala, buruzagi jeltzaleak adierazi du une politiko honetan "ona" izango litzatekeela Estatuaren lurralde- eta politika-periferiatik "mugimendu indartsu bat sortzea" zentralismoaren eragin "gero eta negatiboagoa" berrorekatu eta indargabetzeko. Izan ere, EBBren presidentearen ustez, Euskadi, Katalunia, Kanariak adota Uharte Balearrek "historikoki lortutako autogobernu espazioak inbaditzera itzuli dira batzuk, den-dena Madrilen erabaki dadin".

Horregatik, "berpizte bat" egon behar dela uste du, "lurralde-kontzientziaren esnatze bat, oreka jarri eta benetan Espainia autonomien estatu bat izatea egingo duena". Era berean, adierazi du gero eta gehiago ikusten ari dela "birzentralizazio horren arriskua", Estatuko legeria arruntaren bidez egiten dena, "hau da, Madrilgo Gobernuak abian jartzen dituen politiken bidez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Andoni Ortuzar Espainia albisteak Eguneko albisteak Albisteak