Politika -
Frantziako Gobernua
Bortxaketaz akusatutako ministroaren kontua epaileen gain utzita, gaitzespen politikoa saihestu du Eliseoak
Olivia Grégoire Frantziako Gobernuaren bozeramaile berriak, birmoldaketaren ondorengo lehen bileraren ostean azpimarratu du "zero tolerantzia" egongo dela "sexu delitugileentzat", eta Damien Abad Elkartasun ministroaren kasuarekin lotutako "ustezko biktimen erabateko entzutea" izango dela.
Agentziak | EITB Media
Frantziako Gobernuak birmoldaketa osteko lehen bilera egin du astelehen honetan, eta defendatu du Justiziari dagokiola bi emakumeren bortxaketa akusazioak dituen Damien Abad Elkartasun ministroaren inguruko polemika argitzea. Hala ere, haren aurkako salaketa judizial bakarrak birritan artxibatuta daudela azaldu du.
Frantziako Gobernuaren etapa berria martxan jartzearekin batera argitaratu zen Abaden inguruko albistea. Informazio horrek Abadek duela hamarkada bat baino gehiago ustez egindako sexu-abusuen inguruan bi emakumek aurkeztutako kexen berri jasotzen zuen, horietako bat bide judizialetatik jarria.
Olivia Grégoire Exekutiboko bozeramaile berriak azpimarratu du "zero tolerantzia" egongo dela "sexu delitugileentzat" eta "ustezko biktimen erabateko entzutea", Elisabeth Borne lehen ministroak igandean adierazitakoaren ildotik, baina oraingoz Gobernuak ez ditu susmoak baieztatu.
"Helburua egia zehaztea da" eta "hori Justiziari dagokio", gaineratu du Grégoirek komunikabideen aurrean egindako agerraldian.
Bozeramaileak adierazi du, hala ere, Abadekin erlazionatuta Justiziaren esku amaitu den kasu bakarra, "pertsona berak, birritan eta gertakari berberengatik aurkeztutakoa" dela, eta 2012an eta 2017an artxibatu zela. Bide batez, esan du beste biktimarik balego, Justiziara jo beharko luketela "inolako zalantzarik gabe".
Salaketa jarri zuen emakumeak baimenik gabeko jazarpen-egoerei eta sexu-praktikei buruzko kontakizuna helarazi zien agintariei; bigarren emakume batek, berriz, maiatzaren 13an Politikan gertatzen diren Sexu Indarkeria eta Indarkeria Sexistaren Behatokiari jakinarazi zion Abadekin topo egin ondoren hoteleko gela batean esnatu zela, "drogatua" izanaren sentsazioarekin.
Damien Abadek ukatu egin ditu bi salaketak eta izan dituen harreman guztiak baimenduak izan direla esan du; gaineratu duenez, duen desgaitasun fisikoa dela eta, ezin izango zituen egin egozten zaizkion egintzetako batzuk.