Itxi

Politika

POLONIAN PRESO

Pablo Gonzalezek "berme guztiak" izateko "gestioak egitea" eskatu die Legebiltzarrak erakundeei

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Poloniako epaitegi batek euskal kazetariaren behin-behineko espetxealdia hiru hilabetez luzatu ostean Eusko Legebiltzarrak adierazpen bat onartu du, eta eskatu die euskal erakundeei eta Espainiako Gobernuari Pablo Gonzalezen eskubideak errespetatu beharra aldarrikatu dezatela Poloniaren aurrean.

2:14
Legebiltzarra. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Atzo Poloniako epaitegi batek Pablo Gonzalez euskal jatorriko kazetariaren espetxealdia hiru hilabetez luzatzea erabaki eta biharamunean, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adierazpen bateratua kaleratu dute. Bertan, besteak beste, euskal erakunde eta instituzioei eta Espainiako Gobernuari "gestioak egitea" eskatu diete Pablo Gonzalezek "berme guztiak" izan ditzan bere aurka Polonian zabaldutako auzian.

Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan egin duten agerraldian, Joseba Diez (EAJ), Jasone Agirre (EH Bildu), Miren Gallastegui (PSE-EE) eta Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos-IU) legebiltzarkideek hiru puntuko adierazpena irakurri dute.

Lehenik, alderdi sinatzaileek "kezka" adierazi dute Pablo Gonzalez euskal kazetaria Poloniako agintarien aldetik pairatzen ari den egoeragatik, eta Polonia behin-behineko espetxealdiaren erabilera neurrigabea egiten ari dela salatu dute. Are gehiago, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 47. artikulua urratzea aurpegiratu diote Poloniari.

Bigarrenik, adierazi dute ez dutela bat egiten Poloniako epaitegiaren erabakiarekin. Aldi berean, euskal erakunde eta instituzioei eta Espainiako gobernuari eskatzen diete behar diren "gestioak egitea" Pablo Gonzalezek berme guztiak izan ditzan bere aurka Polonian zabaldutako auzian.

Hirugarrenik, azpimarratu dute Pablo Gonzalezen atxiloketa eta espetxealdia albiste txarra dela "gizarte libre eta demokratiko batean oinarrizko bermea den prentsa eta informazio askatasunarentzat".

PP+Cs taldeak ez du adierazpena sinatu nahi izan, eta Voxi ez zaio atxikitzeko eskatu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena