Politika -
Ikus-entzunezkoen Legea
PPren eta Unidas Podemosen abstentzioak Ikus-entzunezkoen Legea aurrera ateratzea ahalbidetu du
Era berean, Ciudadanos abstenitu da. PSOE, EAJ, Nueva Canarias eta Coalicion Canariak aldeko botoa eman dute. Navarra Suma, CUP, EH Bildu, ERC, BNG, Compromis, Junts per Cataluña, PDeCAT eta VOXek, aldiz, kontrako boza eman dute.
Agentziak | EITB Media
Korporazio handiei eskoizpen independentearen atea zabaltzeagatik zinearen sektore osoa PSOEren aurka altxaturik duen Ikus-entzunezkoen Legea aurrera atera da ostegun honetan Espainiako Diputatuen Kongresuan, PPren abstentzioari esker.
Testua Senatuari igorriko diote orain. Kongresuko bozketan, PP, Ciudadanos eta Unidas Podemos abstenitu dira, tartean, Yolanda Diaz, Irene Montero, Ione Belarra eta Alberto Garzon Espainiako Gobernuko kideak. PSOE, EAJ, Nueva Canarias (NC) eta Coalicion Canariak aldeko botoa eman dute. Navarra Suma, CUP, EH Bildu, ERC, BNG, Compromis, Junts per Cataluña, PDeCAT eta VOXek, aldiz, kontrako boza eman dute.
Oraindik bizirik zirauten zuzenketen bozketan, Unidas Podemosek, ERCk eta EH Bilduk adostutako transakzio-zuzenketa atzera bota du Kongresuak. Produktore independentearen definizioa berriro aldatu nahi zuten hirurek.
Ikus-entzunezko eta zinema produktore elkarteek "kontzientzian" bozkatzea eta kontrako botoa ematea eskatu diete talde politikoei, PSOEren zuzenketak sektorearentzako ondorio "suntsitzaileak" izango dituelako.
Nahiz eta ERCk aurkako botoa eman, Ikus-entzunezko Legeak Espainiako Gobernuarekin itxitako akordioa jasotzen du. Independentistek Estatuko Aurrekontu Orokorrak babesteko baldintza gisa jarri zuten.
Itunaren arabera, arauak hizkuntza koofizialetan ekoizteko urtean gutxienez 15 milioi euro gordetzen ditu, baita nazioarteko plataformetako telesailak hizkuntza gutxituetara bikoiztea ere.
Kataluniako independentistek PSOE kritikatu dute, baina ez dira bakarrak izan. Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, "produktore independentearen definizio bitxia are gehiago urardotu duzue, definizioa edukiz erabat hustuz". Horregatik, sozialistei jarrera zuzentzeko eskatu die.
EAJren ustez, onartutako arauak "ez du, zentzu askotan, zerikusirik Gobernuko labetik atera zenarekin, zorionez", sartu dituzten aldaketei esker. Hala ere, Joseba Agirretxea bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, produktore independentearen figurari eman zaion tratamendua ez dute atsegin. "Aldatu, zuzendu eta konpondu behar da", azpimarratu du.