Politika -
EGUN ON EUSKADIN ELKARRIZKETA
Gorrotxategi: 'Hau momentuko argazkia da. Egitasmoa azaltzen dugunean neurtu eta baloratuko dute herritarrek'
Bataz beste Podemos-Ahal Duguren bi puntuko boto galera aurreikusi du gaur EITBk hedabide guztietan jaso duen boto asmoari buruzko EITB Focus inkesta berriak.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak esan du EITB Focus inkestak astelehen honetan emandako datuak "momentuko argazkia baino" ez direla. Hala, gogoratu du oraindik denbora falta dela eta hauteskunde kanpainan, behin egitasmoa zehatz-mehatz azaltzen dutenean "neurtu eta baloratuko" dutela herritarrek.
EITB Focus azken inkesta udal eta foru hauteskundeetarako urtebete falta denean egin da. Horren arabera, Podemos-Ahal Duguk bataz beste bi puntuko beherakada izango luke. Gorrotxategik ETB1eko Egun On Euskadi saioan onartu du zaila izaten ari dela herri guztietan zerrendak osatzea. "Ez da erraza, baina egingo dugu", gaineratu du.
Legebiltzarkideak gogoratu duenez, herritarrak "frustatu" egin ohi dira proposamenak gauzatzen ez direnean. Horregatik adierazi du "oso nekeza" dela azaltzea proposamen bat aurrera ateratzeko beharrekoa dela Gobernuan egotea. "Gobernuan ez bazaude, ezin dira bete zuk esandakoak", azaldu du.
Espainia mailan ere joera beherazkoa dela galdetzean legebiltzarkideak azpimarratu du Espainiako Gobernuan egon badaudela, baina ez dutela gehiengorik "guk egin nahiko genituzken politikak 100 %era egiteko".
Bide beretik nabarmendu du bere alderdiak ez duela lan egiten interes propio edo partikularren alde: "Guk atera birakarietan ez dugu parte hartzen", esan du, eta alderdiaren demokrazian eta tranparentzian jarri du azpimarra. Espainikao Gobernuan legegintzaldi honetan onartu diren neurri sozialen harira adierazi du beraiek bultzatutakoak izan direla guztiak.