Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Eneko Andueza: "Euskal sozialistok emaitza ona lortuko dugu eta orain bezala giltza izango gara"
EITB Focus inkestaren arabera, PSE-EE hirugarren indarra izango litzateke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Boto asmoari dagokionez, % 1 inguruko beherakada izango luke.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Gaur kaleratutako EITB Focus inkestaren arabera, PSE-EE hirugarren alderdi bozkatuena izango litzateke 2023ko foru hauteskundeetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Boto asmoari dagokionez, % 1 inguruko beherakada izango luke. Horren inguruan galdetuta itxaropentsu mintzatu da Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusia: "Euskal sozialistok emaitza ona lortuko dugu eta orain bezala giltza izango gara". Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, boto portzentajean egonkortasun bat nabari da. Dena dela, inkestak inkestak direla eta balio duten bakarrak bozkak direla nabarmendu du.
Anduezak azaldu duenez, gizarteak dezente ondo baloratzen du euskal sozialisten lana gobernu koalizioetan eta horri ematen dio garrantzia. Oraindik hauteskundeetarako urtebete falta dela eta hitzordua aurreratu ahala hautesleria mobilizatu egingo dela uste du.
Hauteskunde osteko aliantzen inguruan galdetuta, emaitzen eta programen araberako erabakiak hartuko dituztela erantzun du. Hala ere, aurreratu du egonkortasuna eta elkarbizitza direla euskal sozialisten premisak.
Ezkerreko balizko akordioa posible dela iritzi dio, baina horretarako EH Bilduk subiranismoaren eta ezkerraren arteko bidegurutzean bigarrenaren alde egin beharko lukeela. Zentzu horretan, erabakia EH Bilduren esku dagoela dio: "Subiranismoa albo batera uzten ez badu ez dauka gurekin gauza asko egiterik". Halaber, eztabaida horren gainetik interes orokorra lehenesten duenarekin akordioak lortzeko prest agertu da. Eneko Anduezaren iritziz, subiranotasunari buruzko eztabaida ez dago jendartean eta, Euskadiren egungo marko juridikoa ikusita, ez dauka zentzurik gai horri heltzeak; besteak beste, egungo klima politiko lasaia apurtu eta tentsioa eragingo lukeelako. ''Oraingo bake politikoa ezin dugu hautsi. Giro on horretan gauza asko sor litezke'', gehitu du.