Politika -
ELKARRIZKETA EGUN ON EUSKADIN
Hualde: "Inkestek emaitza okerragoa ematen diote Geroa Bairi gero errealitateak erakusten duena baino”
Nafarroako Parlamentuko presidentea baikor agertu da EiTB Focus inkestaren azken datuen aurrean, nahiz eta inkestek aurreikusi duten Geroa Baik ordezkari bat galduko lukeela hauteskundeak gaur egingo balira.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Unai Hualde (Geroa Bai) Nafarroako Parlamentuko presidenteak azaldu duenez, historikoki Geroa Bairi inkestek "emaitza okerragoak ematen diote gero errealitatean gertatzen dena baino". Hala, uste du momentu bateko argazkia erakusten dutela gaur argitara eman diren datuek, eta kontuan hartu behar badira ere, urtebete dutela aurretik lan egiteko.
Asteazken honetan "Egun On Euskadi" saioan EiTB Focus inkestaren azken emaitzak baloratu ditu Hualdek. Inkestak aurreikusi duenez, Geroa Baik behera egingo luke Nafarroan, Navarra Sumarekin eta Podemosekin batera, eta EH Bilduk, Ezkerrak eta Voxek gora egingo lukete. PSNk, berriz, ordezkaritza mantentzea lortuko luke. Gauzak horrela, hauteskundeak gaur egingo balira, Geroa Baik zein Podemosek ordezkari bana galduko lukete, EITB Taldeak egindako azken makroinkestaren arabera.
Dena dela, Hualde baikor agertu da emaitza horien aurrean, nahiz eta aitortu duen guztia ondo ikertu behar dela. Horren esanetan, "Geroa Baik puntu garrantzitsu bat dauka Uxue Barkosekin eta emaitzak errepikatzea" litzateke haien helburua.
Hauteskundeetan Nafarroako gizon eta emakumeek Geroa Baik "deberdintasunen artean zintzotasunez eta seriotasunez akordioak lortzeko duen gaitasuna" saritzen dutela azpimarratu du.
Era berean gogoratu du Gobernuan izan duten papera ez dela erraza izan legealdi honetan, "alderdi sozialistak patrimonializatu duelako".
EH Bilduren gorakadaren aurrean esan du "EH Bilduk jarrera posibilista eta instituzionala" erakutsi duela azken aldian eta ondo joan zaiola.
Eskuinaren beheranzko joeraren harira nabarmendu du Navarra Sumak, koalizio moduan, 3 galduko lituzkeela eta hori galera handia litzateleka. Vox alderdiaren sarrerarekin, berriz, kezka agertu du: "Berri txarrena Voxen gorakada da, horrek eragina izango baitu. Politika egiterako orduan beste norabide bat du alderdiak, eta hori da benetan gehien larritzen gaituena".
Eskuinak Nafarroan izango litzakeen aliantza ezberdinez galdetuta Nafarroako Parlamentuko presidenteak esan du ikusteko dagoela zein den UPNren apustua: "Badirudi bakarka joan daitekeela: PPren egoera da zalantza", gaineratu du.
Sayas eta Adaneroz galdetuta, ondorengoa azpimarratu du Hualdek: "Beltranek Sayas eta Adanero PPra erakarri nahi izateak nahiko haserre sortu du UPNko jendearengan.