Politika -

EITB Focus

Ramon Alzorriz: "Nafarroako alderdi progresistok eskuinean dagoen banaketa aprobetxatu behar dugu"

Chivite Foru Gobernura eraman zuen legegintzaldiko akordioa berriz lortu nahi du PSNko bozeramaileak. "Badakigu non egon ginen eta nora ez dugun itzuli nahi", esan du Alzorrizek. Sozialistek boto asmoan gora egiten dutela azpimarratu du.

Ramon Alzorriz, Radio Euskadin elkarrizketatua. Argazkia: EITB Media
Ramon Alzorriz, Radio Euskadin elkarrizketatua.
Ramon Alzorriz, Radio Euskadin elkarrizketatua. Argazkia: EITB Media

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramon Alzorriz PSNko bozeramaile eta antolakuntza idazkariak eskuinaren barruan dagoen "egoera aprobetxatzeko" deia egin du. Izan ere, Navarra Suman "banaketa" dago, eta UPN-n, bi iheslariekin,"bereizketa". Horrela, legealdiko akordioa berriro egin nahi du, "Nafarroari beste lau urteko progresismoa eta ezkerra emateko". "Badakigu non egon ginen eta nora ez dugun itzuli nahi", esan du Radio Euskadin, EITB Focusen inkestaren balorazioan.

EITB Focusen arabera, PSN eserleku kopuruan mantendu arren, sozialistek boto asmoan eta "babes sozialean" gora egin dutela nabarmendu du Alzorrizek. "Gauzatzen ari garen politikak Nafarroako herritarrek behar eta nahi dituztenak dira", azpimarratu du.

EH Bildurekin egin daitezkeen itunei dagokienez, bozeramaileak bereizi egin ditu aurrekontuen inguruko akordioa (egungo legegintzaldian bi alderdiek dutena), "batzen gaituzten gai sozialak mahai gainean jarrita", eta gobernu akordioa. "Gobernuan sartzeko, EH Bilduk ibilbide etiko garrantzitsua egin behar du", esan du.

Alzorrizek ez ditu argitu nahi izan udal hauteskundeen ostean egin daitezkeen itunak, PSN aukerak dituen udaletan "buru" izateko aurkeztuko baita.

Geroa Bairekiko harremanei dagokienez, Alzorrizek Uxue Barkosek "xantaia" hitza erabili izana kritikatu du: "Hitzak pixka bat zaindu behar dira". Azpimarratu duenez, aurrera atera diren lege gehienek PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin onartu dira, eta seitan bakarrik sartu da jokoan "geometria aldakorra", batzuetan PSNren eta Navarra Sumaren arteko akordioarekin eta, beste batzuetan, Geroa Bairen eta Navarra Sumaren arteko akordioarekin. Baina, edonola ere, "gehiago da batzen gaituena".

Etxebizitzaren legearen kasu zehatzari dagokionez, Alzorrizek ziurtatu du mahai gainean dauden zuzenketei buruzko negoziazioaren arabera erabakiko dutela beren botoa. "Azkeneraino aztertu eta negoziatuko ditugu, eta horretan oinarrituta emango dugu gure botoa", esan du. "Politikan dena negoziatu eta eztabaidatu" egiten dela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea PSN Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua EiTB Focus Iruñeko Udala