Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Bildarratz: "Ez dago eskola publikoaren funtsezko izaeraren inguruko eztabaidarik, hitzarmenean garbi dago"
Eskolen planifikazio dekretu berriaren zirriborroa publiko egin ondotik EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk agertu duten kezkaren aurrean, lan dokumentu bat dela azpimarratu du Hezkuntza sailburuak. Halaber, hezkuntza akordioa bere osotasunean betetzeko konpromisoa berretsi du lehendakariak.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin duten kontrol saioan, hezkuntza ituna izan da hizpide nagusietako bat. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk desadostasuna agertu dute Hezkuntza Sailak ikastetxeen planifikaziorako proposatu duen dekretuarekin. Biek ala biek uste dute ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretua berriak eskola publikoaren aldeko apustu argiagoa jaso beharko lukeela.
EH Bilduri erantzunez Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, "ez dago eskola publikoaren funtsezko izaeraren inguruko eztabaidarik, hitzarmenean garbi dago jasota". "Ez dugu bi sareen arteko lehengo eztabaidetara itzuli behar", gehitu du.
Ikotz Arrese koalizio abertzaleko legebiltzarkideak Hezkuntza sailburuari galdetu dio ea dekretu zirriborroari ekarpenik egiteko aukerarik izango den. Azken horrek zehaztu du lan dokumentu bat dela, hain zuzen ere, tramitazioaren hasierako fasean Eusko Legebiltzarrera maiatzaren 5ean bidalitako zirriborroa.
Aurrez, Elkarrekin Podemos-IUk egindako galdera bati erantzunez, hezkuntza akordioa bere osotasunean betetzeko konpromisoa berretsi du lehendakariak. "Ez izan zalantzarik, dekretuak sinatutako akordioaren izpirituari eta letrari erantzungo dio", gaineratu du. Miren Gorrotxategi koalizio moreko legebiltzarkideak kezkatuta mintzatu da. Horren hitzetan, eskola publikoak ardatz izan behar du eta segregazioaren aurkako neurriak hartu behar dira.
Gorrotxategiren arabera, hezkuntza ituna zaindu egin behar da eta bide horretan balioa eman behar zaio jarraipen batzordeari eta behar diren bilera guztiak egin. "Ituna zaindu egin behar da, bai, denok zaindu behar dugu", esan du lehendakariak.
Bestalde, Urkulluk azaldu du Bildarratz sailburuak Hezkuntza batzordean agerraldia egingo duela ekainaren 20an, datozen bi urtetako lan egutegia aurkezteko eta partekatzeko. Aurrez, ekainaren 13an, hezkuntza itunaren jarraipen batzordeak bilera egingo du.