Politika -
radio euskadi
EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU Autogobernu Lantaldea suspertzearen alde agertu dira, ñabardurekin
PSE-EE gobernukidearen ustez, hauteskundeetarako urtebete falta denean ez da eztabaida hori jorratzeko unea. PP-Cs koalizioarentzat, ez da Gernikako Estatutua beste alternatibarik, eta Voxek, berriz, alderdi nazionalisten hauteskunde estrategiatzat jo du eztabaida.
eitb media
Jose Antonio Suso EAJko legebiltzarkideak Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' saioan baieztatu duenez, Autogobernu Lantaldea suspertzeko lan egitearen alde daude, "astelehen goizeko zortzietatik aurrera". Hala ere, azpimarratu du "sukalde-lan handia" behar duela gaiak. Indarrean dagoen Gernikako Estatutua defendatu du buruzagi jeltzaleak, baina nabarmendu du "eskumen, subiranotasun eta autogobernu gehiago" nahi dituztela, autogobernua "oso ona baita euskal herritarrentzat".
PSE-EE gobernukidea bat dator horrelako eztabaida batek "lasaitasuna" behar duela esatean, eta Gloria Sanchez ordezkari sozialistak adierazi du hauteskundeetarako urtebete falta denean, ez dela autogobernuari buruz hitz egiteko "unea".
Bestalde, oposizioko alderdiek EAJ kritikatu dute. EH Bilduren arabera, lehendakariaren diskurtsoak agerian uzten du "EAJ atzerapausoak ematen ari dela", eta uste du PSE-EEri "ondo atera" zaiola jeltzaleen aspirazio subiranistei "zirkuitulaburra eragitea".
Elkarrekin Podemos-IU taldeko Iñigo Martinezek, berriz, adierazi du helburua ez dela "autogobernu gehiago" izatea, politika publiko gehiago gauzatzeko tresnak eskuratzea baizik. Zentzu horretan, kritikatu du "modu eskasean kudeatzen diren eskumen ugari" dituela Euskadik.
PP-Cs koalizioarentzat, behin eta berriz aktibatzen diren "mantra nazionalistak" dira, eta "joko politikotzat" jotzen dute eztabaida. Carmelo Barrio sinetsita agertu da une honetan ez dela "Gernikako Estatutua beste alternatibarik".
Bukatzeko, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak alferrikako ikusten du Autogobernu Lantaldearen berraktibatzea, "alderdi nazionalisten hauteskunde estrategia" dela argudiatuta.