Politika -
Biktimak
"Biktimen leheneratze integralean arreta jarriko duen kultura" aldarrikatu du lehendakariak
Iñigo Urkulluk Munduko Biktimologia Elkartearen Nazioarteko 17. Sinposioa ireki du. 50 herrialdetatik etorritako adituak entzun ahalko dira Donostian, lau egunez.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritza Euskadin justizia errestauratiboa indartuko duen estrategia bat prestatzen ari da. Helburua da, horren hitzetan, "gatazkak konpontzeko kultura berri bat sortzea, biktimen leheneratze integralean arreta jarriko duen kultura, pertsonei eta gizarteei beren harremanetan egindako kaltea konpontzeko eta sendatzeko. Biktimarioa eraldatzen lagunduko duena". "Kultura berri bat, bizikidetza eta bakea sustraitzeko eta sustatzeko", erantsi du.
Hitzok Munduko Biktimologia Elkartearen Nazioarteko 17. Sinposioaren irekiera ekitaldian egin ditu lehendakariak. Ingurumaria horretan, Urkulluk argitu du biktimak, "biktima guztiak, erdigunean" jarri nahi dituela Jaurlaritzak. Izan ere, azpimarratu duenez, "ez dago lehen mailako eta bigarren mailako biktimarik: denek jasan dute bidezkoa ez den kaltea. Egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko bermea betebehar instituzional eta soziala da".
Ostegunera arte egingo dute Donostian Munduko Biktimologia Elkartearen Nazioarteko 17. Sinposioa, "Biktimizazioa mundu digital batean: Biktimei erantzuten eta eurekin konektatzen" lelopean. Lau egunez, bada, 50 herrialdetako adituak bilduko dira Gipuzkoako hiriburuan.
Lehendakariak hitzaldian deitoratu duenez, "mende erdiz indarkeriaren eta terrorismoaren zentzugabekeriaren atzaparkada pairatu dugu". ETAk jardun armatua eten zuela 11 urte eta betiko desagertu zela lau urte diren honetan, "elkarbizitza berri baten aldeko apustua berretsi" ahal izan dutela esan du, eta honakoa gaineratu: "Gure planak 'Udaberri' du izena, gaur-gaurkoz bizitzen ari garen udaberria".
Urkulluren hitzetan, Udaberri plana "indarkeria ezan dago oinarritua, demokratikoak eta etikoak diren printzipio eta balioetan, giza eskubideen defentsa aktiboan, babestean eta berme iraunkorrean".
"Pairatu dugun indarkeria horrek eman digun eskarmentutik, elkarbizitza berri horretan aurrera egiteko beharra sentitzen dugu, biktimei zor diegu, geure buruei eta gizarteari berari", nabarmendu du.
Adierazi duenez, "haizea kontra dugula ematen duen arren, mundu bidezkoagoa, gizatiarragoa eta iraunkorragoa posible da. Norabide horretan aurrera egitea, neurri txikian edo handian, gure esku ere badago".