Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Egonkortasun prozesuaren "desadostasunak elkarrizketa sozialaren bidez" konpontzeko deia egin du Itxasok
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak uste du behin-behineko langileen lan eskubideak hizkuntza eskakizunen gaiarekin "uztar" daitezkeela. Bestalde, "desadostasunerako eskubidea" aldarrikatu du bai Jaurlaritzaren baitan zein Espainiako Gobernuaren baitan.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak "elkarrizketa soziala" aldarrikatu du administrazio publikoaren egonkortasun prozesuan sor daitezkeen "desadostasunak" konpontzeko. Izan ere, horren ustez, negoziazioaren bitartez, "behin-behineko langileen lan eskubideak hizkuntza eskakizunen gaiarekin uztar daitezke". Horren ildoan, "malgutasuna" eskatu du, betiere "elkarrizketa sozialaren bidez".
Elkarrekin Podemos-IUk, PPk eta Voxek "malgutasuna" eskatu diote Jaurlaritzari euskararen eskakizuna galdegiteko orduan. Diotenez, administrazio publikoan lan egiten duten "behargin asko" kanpoan geratuko dira hizkuntza eskakizunak tarteko. Hain justu, horren inguruan galdetu diote Itxasori Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren baitan zein Espainiako Gobernuaren baitan "desadostasunerako eskubidea" aldarrikatu du Itxasok. PSE-EEk eta EAJk gai batzuren harira izandako ezberdintasunez galdetuta, argitu du "beti" daudela "desadostasunak eta bat egiteak, beste kontu bat da EAJrekin ditugun desadostasunek morbo gehiago ematea". Horren ustez, "aspaldiko partez ez genuen egonkortasuna daukagu Euskadin, balia dezagun".
Unidas Podemosekin osatutako koalizio gobernua hizpide, azpimarratu du "nagusi den joera" dela bi indarrek adostutako neurriak onartzea astearteko ministroen kontseiluan, eta ondoren, "eta orokorrean, inbestidura blokearen babesak lortzea". Hala, lan erreformarekin gertatutako "salbuespena" dela erantsi du.
Azkenik, EH Bilduren talde parlamentarioak Kongresuak ematen dien babesa ere hizpide hartu du buruzagi sozialistak. Zehaztu duenez, "akordioak ez dira bost diputaturekin bakarrik lortzen". Horren harira, kritikatu du koalizio subiranistarekin egiten den joko bikoitza. "Izan ere, EH Bilduk Gobernuaren proposamen baten alde bozkatzen duenean, botoak zalantzan jartzen dira, baina EH Bilduk PPrekin batera bozkatzen duenean, adibidez, lan erreforman, ontzat ematen da. Ez dut politika horrela ulertu nahi (...) arazo bat dugu talde bati kontra bozkatzen bakarrik onartzen zaionean", salatu du.