Politika -
Aranzadi eta EHU
Txabi Etxebarrieta ETAko kidea "exekutatu" zutela ondorioztatu du ikerketa batek
ETAko kidea "litekeena da, exekuzio estrajudizial baten biktima izatea", Aranzadi elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ikerketa batek ondorioztatu duenez.
EiTB Media
Aranzadi elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egindako txostenaren arabera, "16/68 auzira iristea erabakigarria izan da Txabi Etxebarrietaren heriotza argitzeko. Auzi horretan biktimaren auzitegiko medikuaren txostena eta heriotzaren erantzule diren guardia zibilen deklarazio kontraesankorrak daude, bai eta jasotako lekukotzak ere. Datu horietatik eta kasuaren azterketa juridikotik ondorioztatzen denez, aukera handiak daude Txabi Etxebarrietaren bizitzeko eskubidearen urraketa egon izana".
Txabi Etxebarrieta ETAko kidea "litekeena da, exekuzio estrajudizial baten biktima izatea", ikerketak ondorioztatu duenez.
Dokumentazioa eta testigantzak baliatuz egin dute azterketa, lehenak lortzeko oztopo ugari gaindituta, eta hiru ondorio atera dituzte: Guardia Zibilak hil zuela eta baita kasua ikertu ere; Guardia Zibilaren adierazpenetan kontraesanak daudela; eta auzitegi medikuaren txostenak ziurtatzen duela tiroz bizkarretik egin ziotela, Etxebarrieta lurrean zela edo lurrera erortzen ari zela.
Familiak aspaldi zuen autopsiak baieztatu duenaren susmoa, ez zela aurrez aurreko batean hil, baizik eta bizkarretik eta bertatik bertara hil zutela, eta hortaz ikerketak susmoa zena baieztatu duela diote. Hori dela eta, biktimatzat hartzea eskatu dute eta ikerketa ofiziala egin dadila.
Txabi Etxebarrietaren heriotza 1968ko ekainaren 7an gertatu zen. Txostena egiteko, Aranzadik gertakariari buruzko ikerketa historikoa eta azterketa juridikoa egin ditu, urraketa larriak izan zitezkeen giza eskubideen ikuspegitik.
Kasu paradigmatikoa
Proiektuaren arduraduna den Javier Bucesen hitzetan,"Txabi Etxebarrietaren heriotza, Guardia Zibileko agenteek tiro egin ondoren, paradigmatikoa dela polizia-agenteek argitu gabeko heriotzen artean. Bi faktore hartu behar dira kontutan: Alde batetik, Etxebarrieta ETAren lehen biktimarioa dela, eta, aldi berean, polizia-agenteek hildako ETAko lehen militantea. Hori guztia 1968ko ekainaren 7ko bi ordu eskasetan gertatu zen".
Halaber, ikerketa historikoak esparru historiko horretan izandako gertaerak argitzeko duen garrantziaren adibide da gertaera hori, baita diktaduraren iturri ofizialak kontrastatzeko beharra eta azken urteotan horien inguruan egiten ari den tratamendua ere.
Ildo horretan, ikerketaren arduradunen arabera, "kontuan hartu behar dugu kasuak 2018tik aurrera hartu duen oihartzun mediatikoa, azken hamarkadetan euskal gatazkari dagokionez motibazio politikoko indarkeriarekin lotuta gertatzen ari den dialektikak edo eztabaidak lagunduta".