Politika -

Auzitegi Nazionala

Damutzea eta barkamena eskatzea ETAko preso bati kartzela-baimena emateko baldintza ez dela esan du ANk

Horrela, Gorka Loran ETAko kide ohiari kartzela-baimena eman dio. Presoa Arabako Espetxean betetzen ari da zigorra.

Gorka Loran, ETAko kide ohia, Arabako Espetxean betetzen ari da zigorra. Irudia: EiTB Media
Gorka Loran, ETAko kide ohia, Arabako Espetxean betetzen ari da zigorra. Irudia: EiTB Media
Gorka Loran, ETAko kide ohia, Arabako Espetxean betetzen ari da zigorra. Irudia: EiTB Media

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak ebatzi duenez, barkamena ez da ETAko preso bati kartzela-baimena emateko "baldintza legala, inola ere", "espetxe bilakaera on" baten "adierazgarri" baizik.

Horrela, ekainaren 3ko ebazpenean, Gorka Loran ETAko kide ohiari kartzela-baimena eman dio. Presoa Arabako Espetxean betetzen ari da zigorra. Auzitegiaren esanetan, presoak "balorazio positiboa" du, egunez egun egindako jarraipenaren arabera.

Jose Ricardo De Prada magistratua izan da txostengilea. Espetxeratuen Zaintzako Epaitegiak hartutako erabakiaren aurka helegitea aurkeztu zuen presoak, kartzela-baimena atzera bota baitzion, nahiz eta 2021eko irailean Kartzelako Zigor Batzordeak onartu. Ebazpenean, presoaren errekurtsoa onartu du orain Auzitegi Nazionalak.

Magistratuek adierazi dutenez, idatzi batean "damua agertzea eta biktimei barkamena eskatzea ez da baldintza legala, inondik ere", kartzela-baimen bat lortzeko.

"Ez zuten heriotzengatik edo zauriengatik zigortu, zartarazi ez zuen lehergailu bat jartzeagatik baizik"

Loranen kasuan, auzitegiak azpimarratu duenez, "ez dira biktimak zehatzak agertzen"; izan ere, "ez zuten heriotzengatik edo zauriengatik zigortu, zartarazi ez zuen lehergailu bat jartzeagatik baizik, hilketa saiakera batengatik, alegia".

Epaiaren arabera, Loranek idatzi bat aurkeztu zuen bere helegitean. "Urte hauetan gogoeta egin dut, heldu naiz, eta normala den moduan, ez dut pentsatzen delituak egin nituen garaian bezala", onartu zuen presoak.

Testuan, ETAko kide ohiak esan zuen erakundeak "pertsona askori eragindako sufrimendu handiaren" jakitun zela. "Atsekabea eta sufrimendua deitoratzen dut", erantsi zuen.

"Adierazpen eta ekitaldi batzuekin minduta eta umiliatuta sentitzen direla esan dute ETAren biktima batzuek. Umiliazio hori ez dut nik lagunduko, atsekabearekin enpatikoa naizelako; eta konpontzeko eta arintzeko eginahalak egin nahi ditut", gaineratu zuen.

Horrela gauzak, Auzitegiak nabarmendu duenez, Loranen idatzia ezin da modu "negatiboan edo mespretxuz" hartu, "inola ere". Kontrakoa, "kritika positiboa egin behar da, birgizarteratzearen bila jarrera argia azaldu duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak