Politika -

Diputatuen Kongresua

Prostituzioa abolitzeko lehen urratsa eman du Espainiako Kongresuak

Prostituzioa ezeztatzeko legea tramitatzeko ekimenak PSOEren, Podemosen eta Alderdi Popularraren babesa jaso du. En Comu Podemek, ERCk, Juntsek eta CUPek kontra bozkatu dute. EH Bildu eta EAJ abstenitu egin dira.

Adriana Lastra PSOEko diputatua Kongresuan. Argazkia: EFE
Adriana Lastra PSOEko diputatua Kongresuan. Argazkia: EFE
Prostituzioa ezeztatzeko lege proposamenak Kongresuko babesa izan du, nahiz eta kritika ugari jaso duen

1:38

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Prostituzioa abolitzeko legea tramitatzeko prozesua abiatzea onartu du arratsalde honetan Espainiako Kongresuak. Ekimena PSOEk aurkeztu du eta Podemosen eta Alderdi Popularraren babesa izan du, baina ez ditu Kongresuan dauzkan bazkideak konbentzitu. Hala, En Comu Podemek, ERCk, Juntsek eta CUPek kontra bozkatu dute; eta EH Bildu, EAJ eta PDeCAT abstenitu egin dira. Ciudadanosek ere kontrako botoa eman du eta Voxeko ultraeskuindarrek abstentzioaren alde egin dute.

Debatean, Adriana Lastra PSOEko ordezkariak aldarrikatu du lege-proposamen hori indarrean jartzen denean "emakumeak bere bizitzen jabe" izango direla eta" emakumeen aurkako esplotazioa lekurik gabe" geratuko dela gizartean. "Demokrazian, emakumeak ezin dira saldu eta erosi", azpimarratu du.

Proxenetismoarekin amaitu nahi duten alderdiei eskua luzatu die testua hobetzeko elkarlanean aritzeko. "Badakigu zeri egin behar diogun aurre eta badakigu sexu-esplotazioa milioi askoko negozioa dela herrialde honetan", adierazi du.  

Marta Gonzalez PPko Berdintasun diputatuak ere lege-proposamena defendatu du eta prostituzioa ez abolitzeko erabili ohi diren argudioak salatu ditu, tartean ondoko hauek: "prostituzioa betidanik existitzen dela, prostituzioa desagerraraztea ezinezkoa dela eta badaudela prostituitzen diren gizonezkoak eta badaudela sexua izateko ordainpeko zerbitzuetara jotzen duten emakumeak". "Nazkatuta nago horrelakoak entzuteaz", erantsi du Gonzalezek.

Sofia Castañon Podemoseko diputatuak ere babestu du ekimena eta lege-proposamenaren azalpen teknikoak eman ditu. Alabaina, Unidas Podemos koalizioan bazkide duen En Comu Podem alderdiak kontrako botoa eman du legea helburu zigortzaile batekin landu dela iritzita.

Beste hainbat alderdik ere antzeko argudioak erabili dituzte testuaren aurkako jarrera justifikatzeko.

ERC, EH Bildu eta EAJ ez datoz bat PSOEren proposamenarekin

Pilar Valluerga ERCko ordezkariak esan du Espainiako Gobernuak atzerritarren legea erreformatzeko baliatu beharko lukeela Kongresuan duen gehiengoa, "egoera irregularrean dauden emakumeak inork esplotatu ez ditzan".  

Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak azpimarratu du horrelako gai konplexu batek hausnarketa sakona eskatzen duela eta emakumeen esplotazioarekin amaitzeko ez dela nahikoa prostituzioa debekatzea.

Joseba Agirretxea EAJko kidearen esanetan, PSOEk ez du modu egokian planteatu legea. Araudi bat ezin daiteke "korrika eta presaka idatzi, bermeak, txostenak eta abalak behar dira", azpimarratu du.

Prostituzioa ezeztatzeko legearen xehetasunak
Prostituzioa ezeztatzeko legearen xehetasunak
Prostituzioa ezeztatzeko legearen xehetasunak

00:56
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Indarkeria matxista Alderdi politikoak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa gaur Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna