Politika -
EAJ: 'ETA ez da inor indar politikoei iradokizunik egiteko'
Erakunde terrorista batekin Gobernuak zer negoziaturik ez duela esan du Iñaki Oyarzabalek. Aralarrek uste du egiaztatze prozesuaren beharra agerian geratzen dela.
Erredakzioa
EAJren ustez, "ETA ez da euskal indar politikoei iradokizunik egiteko inor" eta jardun politikoa herritarrak ordezkatzen duten "erakundeei" dagokiela gaineratu du. "Hau da, alderdi politikoei dagokie, eta ez gara gehiagotan nahastuko", gaineratu dute jeltzaleek.
Ohar batean, EAJk ETAren azken agiriari erantzun dio. Iñigo Urkulluren alderdiak ETAri "bere jarduera amaitzeko" eta "alde bakarrean hartutako konpromisoa azkeneraino" betetzea exijitu dio, "desarmea eta disoluzioa barne". "EAJk lanean jarraituko du, orain arte egin izan duen moduan, zuhurtasunez eta arduraz, Euskadin behin betiko bake iraunkorra lortze aldera", azpimarratu du.Erakunde terrorista batekin Gobernuak zer negoziaturik ez duela esan du Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari orokorrak, eta, beraz, ETAri ''ausarta izan'' dadin eta ''baldintzarik gabe'' desegitea eskatu dio. ''Nekatuta gaude hainbeste agirirekin'', esan du Oyarzabalek.
Erreakzio gehiago
Aralarrek uste du ETAren agiriak egiaztatze prozesuaren beharra agerian uzten duela, eta iragarpena ''bakegintza eta normalizazio politikoa lortzeko bidean aurrepauso berria'' dela. Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzailearen hitzetan, ''itxikerian'' murgilduta daude PP, UPN eta ''eskuineko beste alderdi batzuk'', eta ''itxikeria'' hori ''ez dator bat gizartearen nahiekin''.
Ezker Batuak eta Ezker Anitzak, aldiz, ETArekin elkarrizketa irekitzeko dei egin diote Gobernuari.
Ezker Batuak esan du ETAk indarkeriaren amaiera iragartzeko egin zuen adierazpenak erakunde terrorista desegiteko ''aurrera egitera'' bultzatu behar duela Gobernua.
Ezker Anitzak, bestalde, argi utzi du ETA ez dela ''inor'' alderdi politikoei eta gizarte eragileei ''betebeharrak inposatzeko'', baina PPko Gobernuari ETArekin elkarrizketa bideak ireki ditzan eskatu dio.
Gorka Maneiro UPyD alderdiko parlamentariak ETArekin edozein elkarrizketa baztertzeko eskatu dio Gobernuari (bai elkarrizketa zuzena eta baita zeharkakoa ere). Gainera, ETAko presoak gizarteratzeko plana ere bertan behera uzteko eskatu dio Rajoyren Gobernuari.