Politika -

Krisi energetikoa

Gasaren prezioari muga jartzeko lege-dekretua babestu du Kongresuak, PPren eta Voxen abstentzioarekin

Mugarekin lehen enkantea datorren asteartean egitea espero du Espainiako Gobernuak; beraz, hurrengo egunean nabarituko da salneurrian.

Artxiboko irudia: EITB Media.
Artxiboko irudia: EITB Media.
Artxiboko irudia: EITB Media.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argindarra sortzeko erabiltzen den gas naturalaren prezioari muga jartzeko lege-dekretua baliozkotu du Diputatuen Kongresuak, PSOE, Unidas Podemos, Esquerra Republicana, Ciudadanos, EAJ eta EH Bilduren babesarekin. PP eta Vox ultraeskuineko alderdia, aldiz, abstenitu dira, eta Foro Asturiasek eta Nueva Canariasek kontrako boza eman dute.

Europako Batzordeak baimena eman eta egun bat geroago, Kongresuak neurriaren lege-dekretua baliozkotu du. Batzordearen oniritzia beharrezkoa zen neurria martxan jarri ahal izateko. Espainiako Gobernuak ostegun honetan bertan argitaratu du, aplikatzen hasteko Ministerio agindua.

Horrela, prezioaren mugarekin lehen enkantea datorren asteartean egitea espero du Espainiako Gobernuak; beraz, hurrengo egunean nabarituko da salneurrian.

Dekretuaren eztabaida parlamentarioan, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako presidenteordeak mekanismoa, gas naturalaren garestitzearen aurrean, "suebaki" bat dela azpimarratu du, eta krisi energetikoa soilik kontsumitzaileen sorbaldan erortzea saihesteko "aurrekaririk gabeko" ezkutua.

Era berean, Europako Batzordeak mekanismoa baimentzeaz gain, Ursula Von der Leyen presidenteak berak "behingoz" merkatu elektrikoaren erreforma bat eskatzeagatik zoriondu da ministroa.

Nahiz eta azkenean abstenitu, PPk eta Voxek prezioak mugatzeko mekanismoaren aurka gogor egin dute eztabaidan.

EAJk, EH Bilduk eta PDeCATek, aldiz, Espainiako Gobernua zoriondu dute, nahiz eta nahikoa ez dela uste; neurria lortzeko zailtasuna aitortu dute. "Emaitzak ikusiko ditugu, baina ez zen erraza", onartu du Ferran Bel PDeCATeko ordezkariak.

"Pauso bat da, baina orain arte inor ematera ausartu ez den pauso handia", esan du Idoia Sagastizabal EAJko bozeramaile ekonomikoak. Neurria iragarri zenetik, gasaren merkatuak egonkortu direla azpimarratu du jeltzaleak.

Azkenik, Oskar Matute EH Bilduko diputatuak Gobernuari informazio kanpaina xehatua eskatu dio, nola funtzionatzen eta eragiten duen argitzeko, merkatzea zenbaterainokoa izango den jakiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Gas naturala