Politika -

Osakidetza

Osasun profesionalei eskatutako gehienezko euskara maila B2 dela erantzun dio Zupiriak Anduezari

Hizkuntza Politikako sailburuak gogorarazi duenez,  Osakidetzako plantilla osatzen duten 27.000 lanpostuetatik, "4. Hizkuntza Eskakizuna (HE) soilik euskararen zaintzaren ardura duten profesionalei eskatzen zaie: 20 inguru".

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Irudia: EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Irudia: EITB Media
Zupiriak Anduezari: 'Osasun profesionalei eskatutako gehienezko euskara maila B2 da'

1:28

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak uste du PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak "esandakoen atzean, agian, gaiaren ezagutza eza" dagoela. Sailburuak azaldu duenez, lanpostua lortzeko hizkuntza-eskakizuna egiaztatu behar duten Osakidetzako osasun profesionalen kasuan, eskatutako "gehienezko" maila B2 da (2. HE). Horrek esan nahi du osasun-arloko lanpostu "bakar batean ez" direla eskatzen edo baloratzen C1 (EGA) edo C2 (4. HE)

Anduezaren arabera, "ezin dugu espero lanpostuak betetzeko mediku guztiek 4. hizkuntza eskakizuna izatea", eta "hamarreko osasun sistema bat izatea, bertan sartzea eragozten duten exijentziak baditu". 

Hizkuntza Politikako sailburuak ohar batean gogorarazi duenez,  Osakidetzako plantilla osatzen duten 27.000 lanpostuetatik, "4. Hizkuntza Eskakizuna (HE) soilik euskararen zaintzaren ardura duten profesionalei eskatzen zaie: 20 inguru" (5 itzultzaile eta 15 euskara-teknikari inguru).

"Ez hori bakarrik, C1 profila egiaztatuta duten milaka mediku daude, eta egiaztapen horrek ez die puntuazio edo balorazio handiagorik ematen", erantsi du.

"Andueza jaunaren baieztapenek gaur ez dagoen kezka sor lezakete"

Sailburuaren ahotan, "Osakidetzako hizkuntza-eskakizunen araubideak ez du lan-arloko gatazkarik sortzen profesionalen artean, progresibotasun-printzipioak gidatu duen normalizazio-araubidea baita".

Horregatik, "Andueza jaunaren baieztapenek gaur ez dagoen kezka sor lezakete", kritikatu du.

Hizkuntza eskakizuna dagoen lanpostuetarako,  euskararen ezagutzari dagokionez, Zupiriak errealitate soziolinguistikoa eta osasun-arretaren mota irizpideak aplikatu direla ziurtatu du.

Azkenik, sailburuak adierazi du "pazienteak artatzeko osasun-zerbitzuetako lanposturik ez da geratu euskara eskatzearen ondorioz bete gabe". "PSEko idazkari nagusiaren adierazpenek alarma larria eragin lezakete, horretarako arrazoirik ez dagoen egoeran", errepikatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika Osakidetza EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza