Politika -

ANDALUZIAKO HAUTESKUNDEAK

Amaitu da Andaluziako hauteskunde kanpaina, galdera asko airean utzita

EITB Mediako hedabideek jarraipen berezia egingo diote Andaluziako bozei. Ostiraletik, Aiert Arieta-araunabeña kazetariak kanpaina amaierari eta hauteskunde-egunari buruzko informazioa helaraziko du bertatik bertara.

Andaluziako presidentetzarako hautagai nagusiak, kapainako azken ekitaldietan. Argazkia: EFE.
Andaluziako presidentetzarako hautagai nagusiak, kapainako azken ekitaldietan. Argazkia: EFE.
Andaluziako presidentetzarako hautagai nagusiak, kapainako azken ekitaldietan. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken txanpara iritsi da Andaluziako Hauteskunde kanpaina. Herritarrei botoa eskatzeko azken ahaleginetan izan dira hautagaiak ostiral gauerdira arte. Galdera ikur handiekin ekin zioten kanpainari, eta hala amaituko dute, astelehenetik aurrera agertokia zein izan litekeen argitu gabe.

Sei dira Andaluziako Parlamenturako presidentetzarako hautagai nagusiak: Juan Espadas (PSOE), Juanma Moreno (PP-A), Juan Marin (Cs), Macarena Olona (Vox),  Teresa Rodriguez (Adelante Andalucia) eta Inmaculada Nieto (Por Andalucia). Ika-mika gogorrak izan dituzte euren artean kanpaina osoan zehar, eta, egunek aurrera egin ahala, tentsioa areagotu egin da. Gaur, Nietok ez beste guztiek Sevilla aukeratu dute azken mitina eskaintzeko. Por Andalucia alderdiak Malagan egingo du kanpaina itxierako ekitaldia.

Igandean Andaluzian gertatuko denak Espainia mailan izango duen eragina zenbaterainokoa izango den. Hori da, alderdi nagusien buruhauste nagusia, eta horrek finkatu ditu mitin gehienetako gidoiak. Abstentzioa ere bada kezka iturri.

Hauek dira gako nagusiak:

Juanma Morenoren (PP) garaipena, zenbatekoa?

Inkesta guztiak bat datoz. Juanma Moreno hautagai popularrak erraz irabaziko ditu hauteskundeak, baina gehiengo osoa lortuko duen ez dago hain argi. Bakarrik gobernatu ezingo balu, Voxekin elkartzeko prest ote legoke? Galdera hori ez du argitu Morenok kanpaina osoan zehar, etenik gabe galdetu badiote ere.

PSOEren esku utzi nahi izan du buruzagi popularrak Vox Parlamentura sartzeko aukeraren ardura, sozialisten balizko abstentzioak ultra-eskuinari aurre egiteko balioko lukeela esanez.

PPrekin gobernu-akordioa adosteko "marra gorriak" zeintzuk diren jakinarazi dio Voxi, zeharka bada ere: Andaluziako Autonomia Estatutua errespetatzea, eta indarkeria matxistaren eta aldaketa klimatikoaren kontrako borroketan atzerapausorik ez ematea.

Espadasen (PSOE) lehentasuna: galdutako boto-emaileak errekuperatzea

Andaluziako Alderdi Sozialistak, Susana Diaz buru zela, 400.000 boto-emaile inguru galdu zituen orain lau urteko hauteskundeetan. Abstentziora jo zuten horietako gehienek, eta, orain, Espadasek berreskuratu egin nahi ditu.

Erabakigarria litzateke PSOErentzat 2018an galdutakoa berreskuratzea, baina, inkestek, oraingoz, ez dute halakorik aurreikusten.

"Olona efektua" (Vox)

Macarena Olona Voxeko kideak hautagaitza aurkeztu zuen momentutik bereganatu zituen hedabideetako goiburuak erroldatzearekin lotutako polemika zela eta. Ultraeskuinaren mezu gogorrenak lau-haizetara zabaldu ditu azken bi asteetan Andaluzia osoan.

Ikusteko dago Olonaren iritsierak izango duen efektua. Kanpaina ekitaldietan izan duen harrera ikusita, herritarrek bere mezu populistekin bat egingo duten beldur dira ezkerreko alderdiak, baina, era berean, eskuin muturrari aurre egiteko botoa aktibatzea ere ez dute baztertzen analistek. Azken joera horrek bi ate zabaldu ditzake: aurreko hauteskundeetan abstentzioan geratu zen ezkerreko botoa aktibatzea edota "boto erabilgarriaren" bila, herritar askok PPra jotzea.

C's alderdiaren 21 eserlekuak, nora?

Espainiako azken hauteskunde hitzorduetan gertatu dena ikusita, Ciudadanosen hondoratzea ez du ia inork zalantzan jartzen. Azken lau urteetan alderdi laranjaren esku egon diren 21 eserlekuak nola banatuko diren da beste galdera handietako bat. Alderdi guztiak dira horren jakitun, eta C's-en boto-emaileak hasieratik egon dira PPren eta Voxen jomugan.

Juan Marin Ciudadanoseko hautagaiak, jada, iragarri du dimisioa emango duela, eserleku bat edo bi bakarrik eskuratzen badituzte.

Ezkerra

Oso zatituta iritsiko da Andaluziako ezkerra igandeko hauteskundeetara, eta boto-emaileen zein hautagai aukeratuko duten aurreikustea oso zaila dela diote aditu guztiek. Horrek ezkerreko blokeari kalte egin diezaiokeela bat datoz denak.

Por Andalucia koalizioak IU, Podemos eta Mas Pais taldeak hartzen ditu bere baitan, baina, alderdi morea, ofizialki, talde horretatik kanpo geratu zen, izen-ematea garaiz egin ez zutelako.

Bestalde, Podemos Andaluziako garai bateko burua izan zena, Teresa Rodriguez, Adelante Andaluzia izeneko taldearen hautagai gisa aurkeztu da bozketara.

Espainiako Gobernuaren kudeaketa, aztergai

Gaztela Leongo hauteskundeetan bezala, oraingoan ere, Espainiako Gobernuaren kudeaketaren inguruko neurketa gisa irakurriko dira igandeko hauteskundeen emaitzak.

Unidas Podemosen Espainia mailako posizioa zein den neurtzeko ere balioko du, batez ere, azken polemikan ondoren: Sahararen inguruko jarrera aldaketa eta espioitza politikoa, besteak beste.

Feijoo, PPren buruzagitzan

Alberto Nuñez Feijook PPren buruzagitza hartu izanak, popularren gainbehera geldiarazi bakarrik ez, gorako bidean jarri duela dirudi. Andaluziako hauteskundeak izango dira efektu horren isla ikusteko aukeretako bat.

Espainiako hauteskunde orokorrei buruzko azken CIS inkestak PSOE garaile jo bazuen ere, popularren eta sozialisten artean alde oso txikia aurreikusten zuen.

Landa-guneetako botoa

Andaluziako landa-guneetan PSOEk indarra galdu du azken urteotan. Nekazarien, abeltzainen edota ehiztarien artean ezinegona gero eta handiagoa da, eta ezkerreko boto-emaile askok norabidea aldatzea erabaki dute.

Ekainaren 19an, bero-bolada tarteko

Beroaldi bete-betean iritsiko dira hauteskundeak, eta horrek abstentzioan eraginik izango duen ikusteko dago. 2018ko hauteskundeetan % 41,35ekoa izan zen abstentzioa. Oraingoan, bero-boladak izango al du eraginik? Hori da beste galdera handietako bat. 

EITB Mediako hedabideek jarraipen berezia egingo diote Andaluziako bozei. Gaurtik, Aiert Arieta-araunabeña kazetariak kanpaina amaierari eta hauteskunde-egunari buruzko informazioa helaraziko du, bertatik bertara.

EiTB Media Andaluzian da kanpainaren azken txanpa eta igandeko hauteskundeak jarraitzeko
EiTB Media Andaluzian da kanpainaren azken txanpa eta igandeko hauteskundeak jarraitzeko
EiTB Media Andaluzian da kanpainaren azken txanpa eta igandeko hauteskundeak jarraitzeko

0:26
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika PSOE PP Hauteskunde orokorrak Alderdi politikoak bideoak Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Vox