Politika -

'Bizitzeko Barkatu' mintegia

'Txelis'ek uko egin dio EHUn parte hartzeari, biktimak ez iraintzeko

ETAko buruzagi ohiak esan du gustura hartuko zuela parte Udako Ikastaroen mintegian, baina ez dela bertan egongo, biktimak ez iraintzeko.

'Txelis'ek uko egin dio EHUko hitzaldian parte hartzeari. Argazkia: EFE.
'Txelis'ek uko egin dio EHUko hitzaldian parte hartzeari. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Alvarez Santacristina ('Txelis') ETAko buruzagi ohiak uko egin dio EHUko hitzaldian parte hartzeari. Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen barnean, ''Bizitzeko Barkatu" izeneko mintegian zen parte hartzekoa 'Txelis'.

Baina, jardunaldietako antolatzaileen gertuko iturriek jakitera eman dutenez, Txelisek bertan parte hartzeari uko egin dio, ohar baten bidez. Bertan azaldu duenez, ez du inor mindu nahi.

Espetxe Zuzendaritzak presoak mintegian parte hartzeko beharrezko baimena eskatu ez zuela baieztatu eta ordu batzuetara eman da ezagutzera Txelisen erabakia. Gainera, Gobernua ez zen ETAko kide ohia mintegi horretan parte hartzearen aldekoa.

Programan zegoen

Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak eta Juan Luis de la Cuesta ikastaroetako zuzendariak Udako Ikastaroetako XXXI. edizioa aurkeztu dute gaur, Donostian. Programa horren baitan, 'Txelis'en ponentzia ere aipatu dute.

Alvarez Santacristina Filosofia eta Teologian lizentziaduna da eta "Biktimen sufrimendutik barkamena eskatzea" ponentzia defendatu behar zuen. Horrez gain, hitzaldia bukatzean, Mariano Ferrer kazetariak gidatutako mahaingurua egingo dute.

ETAk 1998an bota zuen Alvarez Santacristina, honek bere damua adierazi eta biktimei barkamena eskatu ondoren. 'Nanclares Bidea'k aurreikusten dituen onurak jaso ditu 'Txelis'ek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea