Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Aizpurua: "Sanchez atakan dago; PPrekin ituna egingo balu PSOEren akabera izango litzateke betiko"

EH Bilduren diputatuak nabarmendu duenez, Andaluziako hauteskundeen emaitzak "jendearen nekea eta dezepzioaren" ondorio dira, eta PSOEk eta ezkerrak badute zer pentsatua. Sanchezek bi gauza egin ditzake, Aizpuruaren ustez: "indartu daukana" ala "atzera egin eta PPrekin itun bat sinatu".

Aizpurua, Kongresuko kabina batean, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Aizpurua, Kongresuko kabina batean, elkarrizketaren une batean.
Aizpurua, Kongresuko kabina batean, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

play icon 20:40

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mertxe Aizpurua EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak uste du Andaluziako hauteskundeen emaitzak "jendearen nekea eta dezepzioaren" ondorio direla, eta, horren aurrean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea "ataka larrian" dagoela. Izan ere, bi gauza egin ditzake PSOEko buruak Aizpuruaren aburuz, "daukana indartu (Unidas Podemosen koalizioari eta inbestidura blokeari eutsita), eta nire ustez hori egin beharko luke" ala "PPrekin itun bat sinatu eta horrek PSOEren akabera suposatuko luke betiko".

Andaluziako hauteskundeetan PPk lortutako garaipen argia eta PSOEren eta ezkerreko alderdien danbatekoa aztergai izan ditu koalizio subiranistaren kideak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Aizpuruaren ustez, aipatzekoa da Alderdi Popularrak bozak nola enfokatu dituen: "Ayusorengandik erabat aldenduta, kanpaina erabat andaluza egin du, eta PP ia ezkutatuta geratu da. Andaluziaz aritu dira, eta PPren izaera lausotuta geratu da, eta funtzionatu egin dio".

Emaitzok PSOE eta Sumar indarrengan dituzten ondorioak zeintzuk diren ikusteko "astebete edo" itxaron behar dela uste du Aizpuruak. "Horrelako kolpea jaso ondoren hausnarketa sakona egin behar da. Milaka pertsona etxean geratu dira, eta oso larria da", azaldu du. Yolanda Diaz bera ere "nahiko ukituta" geratu dela iritzi dio, eta, horren hitzetan, "zatitutako ezker bat ahula" dela agerian utzi dute emaitzek. "Frantzian gertatukoa —NUPES ezkerreko indar metaketak emaitza onak jaso ditu— adibide baliagarria da Espainiako Estatuko egoera serioski hartzeko. Erronka bat da munduan zehar eskuinerantz gertatzen ari den joera horri aurre egiteko", esan du.  

Izan ere, Aizpuruak aitortu du Espainiako koalizio gobernu "aurrerakoiak neurri onak" hartu dituela, baina "nahikoak" ez direla sumatu du gizarteak. Erregaien prezioa merkatzeko neurria jarri du horren adibide. "Herritarrek ez dute ia igarri eta onurak petrolio konpainientzat izan dira", arrazoitu du. Hala, dekretua hilaren 30era arte indarrean dagoela eta koalizioak "neurri gehiago eta neurri berriak" proposatuko dituela iragarri du. "Hainbat neurri planteatu ditugu, eta ikusiko dugu zer onartzen duten, baina uste dugu batzuk onartuko dituztela", aitortu du. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika albisteak Albisteak Gipuzkoa Espainiako Gobernua bideoak EH Bildu Nafarroa Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Euskadi Irratia