Politika -
Gobernu Kontseilua
Jaurlaritzak Erronka Demografikoari aurre egiteko neurri sorta onartu du
Besteak beste, 3 urtera arteko seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza hilean, gazteentzako maileguak eta Haurreskolak doakoak izatea onartu du. Urtarrilaren 1ean martxan egotea aurreikusi du Jaurlaritzak.
Iker Gonzalez | eitb media
Eusko Jaurlaritzak Erronka demografikorako 2030 Euskal Estrategia onartu du gaur Gobernu Kontseiluan. 36 ekimen biltzen ditu planak, susperraldi demografikorako baldintzak sortzeko helburuarekin.
Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, onartutako neurrien artean honako hauek daude: 3 urtera arteko seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza hilean, gazteentzako maileguak, alokairurako diru-laguntzak eta Haurreskolen doakotasuna 0-2 urte bitartean, besteak beste.
Fernandezen esanetan, 2023an zehar neurri guztiak martxan jartzea espero da. 200 euroko diru-laguntzaren kasuan, urtarrilaren 1etik aurrera jasotzen hastea aurreikusi dute, edonola ere, atzeratu egingo balitz, urtarrilaren 1etik indarrean sartu arte igarotako epea ere ordainduko lukete. 200 euroko diru-laguntza horrek 125 milioiko aurrekontua izango du urtean.
Haurreskolei dagokienez, 2023-2024 ikasturtea izango da diru publikoarekin % 100ean ordainduko den lehengoa, eta, horretarako, bost milioiko aurrekontua izango du urtean.
Bestalde, maileguen neurria martxan jarri aurretik, Jaurlaritzak gaur egun eskaintzen dituen antzeko maileguen azterketa egingo du, bikoiztutako laguntzarik egon ez dadin. Edozein kasutan, urtean 21 milioi bideratuko dituzte horretarako.
Estrategia honek Legebiltzarrak erronka demografikoari buruz joan den maiatzaren 18an egindako osoko bilkuran onartutako ebazpen guztiak jasotzen ditu.
Ekintza plana hiru bloketan dago egituratuta, eta, horietako lehengoan, hauek dira nabarmenenak:
-3 urtera arteko seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza hilean. Laguntza hori bateragarria da familia ugariei ematen zaizkien laguntzekin (4-7 urteko etapan), gaur egungo kenkari fiskalekin, eta DSGEren seme-alabengatiko laguntzekin. Neurri hori UNICEFek bultzatutako "Lehen 1.000 eguneko Programekin" lerrokatuta dago.
-Interesik gabeko maileguak, epe luzera itzultzeko aukera emanda ekintzailetzarako, prestakuntzarako edo gazteentzako etxebizitzen proiektuetarako.
-Doakotasuna haur-eskoletan 0-2 urteko etapan, Haurreskolak Partzuergoa indartuz.
-Ikuspegi demografikoa txertatzea legeak, arauak, estrategiak edo sektore-jarduketako planak edo inbertsio-programak egitean.
Bigarren blokeak honako neurri hauek jasotzen ditu:
-Gazteak emantzipatzeko neurriak, etxebizitza, enplegua, ekintzailetza eta autonomia lortzen lagunduko dutenak.
-Familien eraikuntza, kontziliazioa eta seme-alaben hazkuntza bultzatzeko neurriak.
-Zahartze osasungarria bultzatuko duten neurriak.
-Migratzaileak erakartzera eta gizarteratzera bideratutako neurriak.
Hirugarren blokean, hiru jarduera ildo jaso dituzte:
-Landa-inguruneko zahartzeari eta despopulazioari aurrea hartu eta eremu horri balio berria emango dioten neurriak.
-Prospekzioa, dibulgazioa eta komunikazioa.
-Aurrekontua, jarraipena eta ebaluazioa.
Estrategiaren testuingurua
Covid-19aren eragina faktore garrantzitsua izan da demografian. Zehatz-mehatz, Euskadin, EUSTATen arabera, 2020ko hirugarren hiruhilekoan, jaiotzen kopurua % 5,9 jaitsi zen aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Gainera, Ukrainaren inbasioak eragindako ziurgabetasun sozioekonomikoa susperraldi demografikoaren ikuspuntutik ere oztopoak areagotzen ari da.
Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 2022ko maiatzaren 16an argitaratutako erronka demografikoari buruzko txostenaren arabera, EAEko herritarrek uste dute emantzipatzeko batez besteko adin egokiena 25 urtekoa dela. Alabaina, Euskadiko gazteen batez besteko emantzipazio-adina 30,2 urtekoa da.
Gainera, % 52k esan zuen nahiko lituzkeen edo nahi izango lituzkeen baino seme-alaba gutxiago izan dituela. Herritarrek 2,2an kokatzen du seme-alaben kopuru ideala, batez beste, baina Euskadiko jaiotza-tasa 1,28 seme-alabakoa da emakume bakoitzeko.
Halaber, lehen seme-alaba izateko adin egokienari dagokionez, jasotako erantzun guztien batez bestekoak erreferentzia hori 28 urteetan kokatu du. Hala ere, Euskadiko emakumeek lehen semea edo alaba izateko batez besteko adina 32,6 da.