Politika -

Bakea eta bizikidetza

Torturaren biktimei babesa emango die Jaurlaritzak hilaren 26an

Torturaren biktimei laguntzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Urkulluren Gobernuak bat egin du NBEk aldarrikatutako egunarekin, eta adierazpen bat onartu du, tortura "bereziki iraingarria" dela azpimarratuz.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko eguna izango da hilaren 26an, igandean, eta, horren harira, Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala onartu du, non gizakiaren duintasunaren aurkako praktikak kondenatu dituen. 2019an Eusko Legebiltzarrak onartutako proposamenarekin bat egin du horrela Jaurlaritzak, eta berretsi egin du biktimei laguntzeko eta merezi duten aitortza emateko borondatea.

Gobernu Kontseiluak astearte honetan egindako asteroko bileraren osteko agerraldian, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi du 2019an Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuela legez besteko proposamen bat. Proposamen horretan, euskal erakundeei eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zieten Nazio Batuek ekainaren 26an Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimenarekin bat egiteko.

Hala, Gobernu Kontseiluak adierazpen bat onartu du, eta honako hau nabarmendu du: "Tortura praktika bereziki umiliagarria da, eta gizasemearen duintasunaren aurka egiten du". Gaineratu du "bere praktika sistematikoa eta orokortua gizateriaren aurkako krimena dela".

Era berean, nazioarteko komunitateak praktika hori, hainbat akordio, adierazpen, ebazpen eta tresnaren bidez berariaz gaitzetsi izan dituela azpimarratu du.

Torturaren biktimei laguntzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzak bat egin du, hortaz, ospakizun horrekin, eta, aldi berean, berretsi egiten du, dokumentuaren arabera, praktika horren gaitzespena, biktimei laguntzeko eta aitortzeko borondate irmoa, eta egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea izateko eskubidea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Polizia abusuen biktimak