Politika -

Abiadura handiko trena

AHT Nafarroarekin lotzeko trenbide konbentzionala aprobetxatzea errefusatu du Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduren ekimenak Elkarrekin Podemos-IUren babesa izan du soilik Gasteizko Ganberan. Legebiltzarrak EAJren eta PSE-EEren zuzenketa onartu du, PP+C's eta Voxen abstentzioarekin.

Abiadura handiko trenaren (AHT) zubibide bat. Artxiboko irudia: EITB Media
Abiadura handiko trenaren (AHT) zubibide bat. Artxiboko irudia: EITB Media
Abiadura handiko trenaren (AHT) zubibide bat. Artxiboko irudia: EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Y eta Nafarroako korridorea lotzeko trenbide konbentzionala aprobetxatzea proposatu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, baina Ganberak ekimena atzera bota du.

EH Bilduren ekimenak Elkarrekin Podemos-IUren babesa izan du soilik Gasteizko Ganberan. Eusko Legebiltzarrak Gobernua osatzen duten taldeen (EAJ eta PSE-EE) zuzenketa onartu du, PP+C's eta Voxen abstentzioarekin. EH Bilduk eta E-Podemosek aurkako botoa eman dute.

Eztabaidan, Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu duenez, Espainiako Gobernuak AHTko lanetan inbertitzen duen dirua beste azpiegitura batzuetarako ez da bideratzen, Adifeko eta Renfeko proiektuetara, esaterako. Fernandez de Betoñok trenbide konbentzionala "modernizatzeko eta hobetzeko" proposamena defendatu du; izan ere, trenak 200 kilometro orduko abiadura "oso lehiakorra" harrapatu dezake.

Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak adierazi du "trenbidea egokitzea" beharrezkoa dela, "gaitasun, ezaugarri eta batez besteko abiadurak hobetuz". Martinezen ahotan, EH Bilduren proposamena "ingurumenarentzako hobeagoa da, eta ekonomikoagoa".

Elena Lete EAJko legebiltzarkideak EH Bilduren proposamena kritikatu du, "azken 20 urteetan egindako lana aldatzea" eskatzen duelako. AHTren inguruko edozein proposamen, "Euskadiren interesen alde" egin behar dela uste du, eta "ez trenbide ardatza Zaragoza-Logroño-Burgos izateko". "Ez duzue gure herriko beharrizanen azterketa bat egin", leporatu dio koalizioari.

Susana Corcuera PSE-EEko legebiltzarkideak bere alderdiaren jarrera defendatu du, Euskal Y Iruñearekin lotzeko abiadura handiko korridore bat eraikitzea, alegia. Argitu duenez, horrek ez du esan nahi "korridore arrunta hobetu behar ez denik, Gobernu zentralaren konpromisoa baita 2022ko aurrekontu orokorretan".

Muriel Larrea PP+C's eskuineko koalizioaren legebiltzarkideak ziurtatu duenez, Espainiako Gobernuan Alderdi Popularra zegoenean, abiadura handiak "proiektua, aurrekontua eta datak zituen", baina "Sanchezen Gobernuko urte bakoitza AHT Euskadira iristeko urte galdua da".

Azkenik, Amaia Martinez Vox ultraeskuineko alderdiaren legebiltzarkideak EH Bilduren "mentalitate integrista" kritikatu du, "edozein modernitate arrastoren aurka" agertzen delako. Martinezek AHT defendatu du, "Espainiarekin lotura handiagoa" suposatzen duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena